
Athletic Clubek 1-Espanyolek 1: Zorterik ez
Athletic Clubek 1-Espanyolek 1: Zorterik ez
Zorterik gabe amaitu du Athletic Clubek lehen itzulia eta Espanyolekin bana berdindu ostean joan den…
Zorterik gabe amaitu du Athletic Clubek lehen itzulia eta Espanyolekin bana berdindu ostean joan den denboraldiko 26 puntu berberak eskuratu ditu. Ea denboraldia amaieran europar sari berbera eskuratzen den.
Pena izan da puntu pare bat gehiago ez izatea, baina sortu den aukera andana ez da behar legez gauzatu. Hasteko Ezquerrok jaurti du kanpora lehendabiziko minutuan. Yestek egin du bat eta zerokoa hirugarren minutuan, fala zuzenean sartuz; Llorente debutariak Kamenirekin egin du topo bosgarren minutuan eta Yestek abagune argia gora bota du seigarrenean. Uholdea halanola gainditu du Espanyolek, nahiz eta arriskua ere pasa 17. minutuan Ezquerroren barnekaldia zela medio.
Esnatu da Espanyol, 21. minutuan Cororen burukaradaren bitartez eta 25. minutuan Amaviscak izugarrizko aukera izan du epaileak Itoren esku argi eta garbia seinalatu gabe utzi ostean. Une horretan asmatu egin du Lotinak Soldevilla zelairatuz eta De la Peña aurreratuz eta burusoilak arriskua sortu su 27. minutuan, Llorentek 29. egin duen moduan. Norgehiagoka orekatuagoa zen jada eta Maxik primeran borobildu egin du Espanyolaren kontraeraso azkarra bezain ondo egina 31. minutuan. Jokoz kanpo zegoela sartu du gola argentinarrak eta ikusteke dago orain hedabideetan izango duen presentzia, Atletico Madrilen aurkako lehian Del Hornok lortu zuena, bat aipatzearren, gogoratuz. Berdinketa ez zen partidaren islada, baina gauzak errotik aldatu ditu.
Bigarren zatian gure taldearen nagusitasuna are nabariagoa izan da, baina hedatuagoa denboran. Hasteko Llorenteren abagunea ikusi da 56. minutuan eta minutu berean Lacruz itzuli da partida ofizialak jokatzera bere lesio larria eta luzea gainditu ostean. Eraso zurigorria ez da eten. Ezquerrok aukera izan du 57. minutuan, Llorentek 58. minutuan eta aurrelari gazteak berak buruz errematatu egin du baina Ibarrak atera du atepetik. Etxeberriak 71. minutuan ezin izan du kontraeraso bikaina borobildu eta Ezquerrok ez du golik egin 75. minutuan. Eta Espanyol? Aukerarik sortu gabe bigarren zati osoan baina pozik puntuarekin, azken finean goiko postuetan segitzeko primeran datorkion berdinketarekin hain zuzen ere.
Gutxienez, Fernando Llorenteren agerpenarekin, beste lehoi bat badaukagu, horixe da gure gaurko poza eta gure etorkizunerako bermea. Orain Kopan Lanzarote gainditu behar dugu eguaztenean.

