
Real Madrilek 0-Athletic Clubek 2: Ederra
Real Madrilek 0-Athletic Clubek 2: Ederra
Hamargarren jardunaldia jarraian partidarik galdu gabe bete du dagoeneko Athletic Clubek eta zenbaki borobila betetzeko…
Hamargarren jardunaldia jarraian partidarik galdu gabe bete du dagoeneko Athletic Clubek eta zenbaki borobila betetzeko asmoz lekurik onenean eta behar bada zailenean erdietsi du garaipena golik jaso gabe eta etxean zein etxetik kanpo, gurea talde kontuan hartzekoa dela erakutsiz.
Europar lehiaketako gorabeherak hurrengo asterako baztertuz, 0-2 nagusitu dira zurigorriak Del Horno eta Iraolaren golei esker Ligako goiko postuetan egoteko hautagaitza aurkeztuz. Lehen zatian aukera gutxi egon da Santiago Bernabeun eta markagailuan emaitza 0-0 bazen ere, izugarrizko gola egin du Pablo Orbaizek baloia maisuki loratuz 16. minutuan. Langan jo du jaurtiketa eta ate barruan botea eman duen arren jokua segitzeko agindua eman du epaileak. Horretaz aparte, minutuak aurrera joan ahala Athletic Clubek hasierako urduritasuna gainditu du eta unerik txarrenetan ere etxekoek ez dute aparteko minik egin, hainbat baloi erdibituak eta Solariren jaurtiketa bat Aranzubiak desbideratu egin duena 26. minutuan aparte utziz. Atsedenaldira iritsi bitartean arriskua sortu dute Del Hornok eta Yestek, eskubiko hankaz egindako jaurtiketen bitartez, baina Casillasek baloia harrapatu egin du bietan.
Bigarren zatian ez dute aldaketarik egin jokalariei dagokienez, baina bai joku eraren aldetik. Athletic Club partidaren bila irten da, gorago fede gehiagoz presionatuz eta sakontasun gehiago lortuz. Iraolak jokaldi polita egin du 49. minutuan baina Casillasek antzeman dio baloi loratua.
Une batez iazkoa etorri da askoren burura: joku ona, lehen aukerak eta Real Madrilen golak. Publikoan antzeko zerbait pentsatu ei dute Raul, Ronaldo eta Zidane beroketak egiten hasi direnean, baina une horretan bertan Orbaizek erdiraketa bikaina bidali du eta Del Hornok burukada ezin hobea eginez Athletic Club aurretik jarri du. Gogortasuna erabiliz erantzun du Real Madrilek, baina horretaz aparte, golik egin gabe partida gutxi amaitu du talde madrildarrak eta baloi galdua aprobetxatu du Figok, baina ederto aritu da Aranzubia buruz buruko jokaldian eta Beckhamen ondorengo errematean. Hurrengo minutuan Ronaldo, Zidane eta Raul zelairatu ditu Luxemburgok, berdinketa lortu guran. Ez da horrela gertatu eta aukerarik garbiena Ezquerrok eta jarraian Etxeberriak izan dute 69. minutuan. Ronaldok erakutsi egin du pisuak eta arriskua ez daukatela harrreman zuzena, baina kanpora bota du 72. minutuan. Ia hurrengo jokaldian Ezquerrok primeran utzi dio baloia Iraolari eta horrek, lasaitasun osoz, bigarrena egin du 73. minutuan.
Zailena egina zirudien arren, aurreko partiden gertakizunek ez zuten batere laguntzen lasaitasuna izateko. Arriskutik urrundu da Aranzubia, baina luzapenean Ronaldok eta Zidanek lana eman diote. Beranduegi zen horrenbeste merezi eta espero zen garaipena izorratzeko. Bide onetik doa taldea Ligan ere, etxetik kanpoko sendotasuna erakutsi du zazpi partida jarraian irabazita zeukan sailkapeneko bigarrenaren aurka eta baikortasunez ekingo dio europar kanporaketa gorabeheratsuari. Ederra benetan Bernabeukoa, taldea dagoenaren seinalerik alaitsuena.
