
Austriak 0-Athletic Clubek 0: Lehen pausoa
Austriak 0-Athletic Clubek 0: Lehen pausoa
Jokatu aurretik historiarik luzeena eduki duen partida kontatzeko gutxien eduki duena izan da. Azkenik, soropilaren…
Jokatu aurretik historiarik luzeena eduki duen partida kontatzeko gutxien eduki duena izan da. Azkenik, soropilaren egoera onena izan ez den arren, jokatzeko agindua eman du Alon Yefet epaile israeldarrak. Ez zegoen elurrik eta oso izotza gutxi, nahiz eta ondarra nagusitu den futbol zelaiaren albo batean batez ere. Jokua? Ba izotza bezala, oso gutxi ere.
Gure taldeak buruarekin jokatu behar izan du hasiera hasieratik ekimena eskaini dion etxeko taldearen aurka. Bi partidako kanporaketa denez gero, ez dugu zerurik espero eta San Mamesen erabakiko da Vienan inorentzat konponbiderik izan ez duena. Espero legez, sendo azaldu dira atzean austriarrak eta 17. minutura arte ez du gure taldeak abagunerik izan, Etxeberriaren jaurtiketari esker. Bi minutu beranduago Ezquerrori heldu diote arean, baina epaileak ez du deus ere seinalatu.
Austriak eskumaldetik eroan du arriskua lehen zatian eta Sionkok barnekaldi arriskutsua egin du 28. minutuan, baina Lafuentek gelditu egin du erdiraketa-jaurtiketa. Hurrengo aukera Orbaizen eskutik iritsi da, baina areaz kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan zaio naparrari. Atsedenaldira joan baino lehen, aukera bana izan dute talde biek: Sionkok, berriro ere, berea izan du 43. minutuan, baina kontrako efektua eman dio eskuinez egindako jaurtiketari. Ia denborarik galdu gabe, Orbaizen erdiraketa buruz errematatu egin du Ezquerrok, baina altuegi.
Bigarren zatian, lehen zatiko joerak are nabarmenagoak izan dira: moratuak atzean eta Athletic Club baloiaren jabe, baina zaila zen oso futbol zelaiaren egoera kaxkarra eta arerioaren jokalari pilaketa gainditzea. Saiatu saiatu dira zurigorriak eta hasieran gertatu den legez Etxeberriarenak izan dira aukera apurrak. Gauzak horrela, 56. minutuan Joseba Etxeberriak gehiegi gurutzatu egin du eskuinez. Kontrako hankaz saiatu da 67. minutuan, baina horixe ere kanpora joan da. Beste hirugarren batean, jaurtiketa-erdiraketa egin du baina errematatzailerik aurkitu gabe.
Austriak, bestalde, oso helduera gutxi erakutsi du partida osoan eta Sondergaardek aldaketak egin ditu abiadura irabazi guran, Gilewitz atera da eta berorrek izan du partida osoko abagunerik argiena, baina baloi loratua lasaitasunez harrapatu du Lafuentek. Ordu laurden bat falta zen amaierarako baina talde biek domekarako uztea deliberatu dute. San Mamesen bestelakoa izango delakoan agur esan dio taldeak austriar abentura amaigabeari.
