Athletic Club

Itziar Gurrutxaga: “Gauza asko utzi behat izan ditut futbolean jokatzeko”

Itziar Gurrutxaga: “Gauza asko utzi behat izan ditut futbolean jokatzeko”

Itziar Gurrutxaga Bengoetxea Elgoibartarra herriko taldean eta Eibartarrak-en jokatu eta gero, Athletic Club-era 2002-03 denboraldian…

Itziar Gurrutxaga Bengoetxea Elgoibartarra herriko taldean eta Eibartarrak-en jokatu eta gero, Athletic Club-era 2002-03 denboraldian heldu zen. Beraz, hiru denboraldi daramatza talde zurigorrian eta 72 partida jokatu ditu, 7 gol sartuz. Bere ametsa Europan zerbait lortzea izango litzateke.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?
Txikitan, anai-arrebek jokatzen zutenez animatu nintzen. Lehenengo Zarautzen, hondartzan egiten ziren txapelketetan, eta gero, 15 urtekin, Elgoibargo taldean aritu nintzen.

Zer nolako desberdintasunak ikusten dituzu gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren artean?
Batez ere fisikoa. Gizonezkoak indartsuagoak eta azkarragoak dira, gainera euren joko erritmoa altuagoa da, baina teknikaren aldetik ez dut uste aldea handia denik.

Zuen futbola nahiko baloratua dagoela uste al duzu?
Gutxika-gutxika badoa, oso astiro, baina badoa. Athleticek asko lagundu du eta hori kalean eta hedabideetan ikusten da.

Bizitzen ari den arrakasta hau etorkizunean mantenduko delakoan zaude?
Hori espero dut. Ona izango litzateke arrakasta hori jarraitzea eta irauntzea. Argi dago boom bat izan dela eta hori mantentzea izango dela orain erronka, halere, gu lanean ari gara eta arrakasta hori mantentzea dugu helburu.

Athletic Cluben jokatzeak zer suposatu du zure bizitzan?
Kontutan izanda 12 urtez egin ditudala futbolean, lan horren sari bat izan da talde zurigorrian egotea. Sakrifizioa handia izan da, gainera gauza asko utzi behar izan ditut futbolean jokatzeko eta hori batzutan gogorra da, halere, merezi izan du.

Zein da zure iritziz Athletic Club-en sekretua?
Batez ere, lana. Eguneroko lana, entrenatzailetik hasita. Argi dago taldeak lan asko egiten duela eta horrek saria du batzutan. Gainera plantila osoan dagoen giroa azpimarratzeko da.

Aldageleko giroa oso ona dela diozu, heldu aurretik horrela izango zela asmatu zenuen?
Egia esanda aurretik gehienak ezagutzen nituen eta horrek asko lagundu zuen hasieran. Euskal selekzioan jokalari askorekin bat egin nuen eta giroa bikaina zen, beraz, erraza izan da giro ona sortzea.

Zuen entrenatzailea gizona izatea ez da egoera zaila?
Beti izan dut gizonezkoren bat entrenatzaile moduan, beraz, emakumezkoa izango balitz arraroa izango litzateke niretzat gaur egun.

Maribel Dominguez mexikarra edo Milene Domingues brasildarraren etorrerari buruz, zer eritzi duzu?
Asko hitz egin da horretaz, batez ere, komunikabideetan. Futbola hobetzeko bada, ba oso ondo, eskertzekoa da.

Athletic Club-en jokatzeaz gain, zertan ari zara?
Lanean eta futbolean jokatzen eta entrenatzen. Geratzen zaidan denbora librea familiarekin eta mutilarekin egoten naiz.

Zein da zure kirol ametsik handiena?
Egia esanda denak bete egin dira. Zerbait esatekotan ba Europan zerbait lortzea. Ea aurten Superliga irabazten dugun eta datorren urtean zerbait egiteko aukera dugun.