Athletic Club

Betisek 0-Athletic Clubek 0: San Mamesen erabakiko da kanporaketa

Betisek 0-Athletic Clubek 0: San Mamesen erabakiko da kanporaketa

Lehen pausoa eman du Athletic Clubek aurtengo Kopako finalean egoteko, baina ezin izan du husnako…

Lehen pausoa eman du Athletic Clubek aurtengo Kopako finalean egoteko, baina ezin izan du husnako berdinketaz haratago joan eta San Mamesen erabakiko da finalaurrekoen kanporaketa, hau da, etxean irabazi egin behar dela, berdin da abantaila. Hori bai, Ruiz de Loperan gertatu den legez, zalego zurigorriak ere dena eman beharko du azken pausoa ematen laguntzeko.

Futbola hain bitxia denez, pasa den igandean izan zuen zortea falta zaio Sevillan Betisen aurka gure taldeari eta askozaz merezimendu gehiago, eta batez ere aukera gehiago, egin ondoren ezin izan du Doblasen atea zulatu.

Taldeari mentalitatea eskatzen zitzaion partidaren garrantzia kontuan hartuta eta Betisen partidaren ustezko prestakuntza bereziari erantzun egokia emateko. Eta benetan dotore izan da Athletic Cluben: hasiera hasieratik goian egin du presioa, partidaren ekimena eraman du eta azken unerarte ondo irakurri du norgehiagoka. Lekuko gisa lehen bost minutuetan Etxeberriaren jaurtiketa eta Tikori egin dioten penalti nahiko garbia. Jakina, etxekoak azken asteotan epaileen aurkako kanpaina etengabea egin ondoren. Betisek arazoak zituen arriskua sortzeko eta Oliveiraren jaurtiketa aski desbideratua, 12. minutuan, albora uzten badugu, ez dugu Lafuenterentzat inolako arriskurik aurkituko atsedenaldia bitartean.

Gureak bai, gehiago eta argiagoak izan dira aukerak, baina Doblasek eta zutabeek ere jokoaren parte dira. Hasteko Yestek lehendabiziko abagunea izan du 25. minutuan, baina are argiagoa izan da 26. minutuan gertatu dena: orpoz bikain errematatu du Yestek berak Etxeberriaren erdiraketa, baina Doblasek ezinobeto erantzun du hankaz baloia urrunduz. Ez da baretu Athleticen gogoa: 40. minutuan Del Hornok buruz errematatu du zutabera eta 44. minutuan Yestek ezkerrez jaurti du, baina Doblasek osterabe erantzun bikaina eman du.

Etxetik at emaitza onarekin doazen partidatan beti gertatzen den legez, zalantza zen nagusi bigarren zatiari begira. Betis saiatu da gorago joaten, baina aukerak Athleticarenak izan dira, Doblasek harrapatu duen Etxeberriaren jaurtiketa bezala 52. minutuan eta kanpora joan den Llorenteren aukera partidaren lehen ordubetean. Ia jarraian Del Hornok jaurti du baina etxekoen atezainak harrapatu du baloia berriro ere. Zurigorriek nabaritu dute partidaren ekimena eramateak sortzen duen nekea eta aldaketen festari ekin diote entrenatzaile biek: Edu Denilsonen ordez sartu da eta ia segituan Urzaiz Llorenteren ordez. Benjamín Arzuren ordez zelai erdiari freskotasuna emateko asmoz eta Ezquerro Etxeberriaren ordez goian abiadura izateko. Hirugarrena Betisen: Israel Fernandoren ordez eta Joaquin ezkerraldera Casasekin izan duen zama beste aldean arintzeko asmotan. Azkenik, Athleticen Solabarrieta Yesteren ordez erdiko lana indartzeko nahian. Partidaren 85. minutua zen eta une horretan heldu da Betisen lehen aukera bigarren zatian, baina Llorenteri gertatu zaion legez, kanpora joan da Oliveiraren jaurtiketa. Bi minutu beranduago Eduk izan du abagunerik garbiena, baina gora bidali du boleaz.

Betisen etxeko erasoari ondo eutsi ondoren, itxaropentsu izateko motiboak baditugu, baina ez aldiz konfiantza larregi izateko. Itzuleko partida falta da eta ahalegin guztiak gutxi izango dira finala eskuratzeko.

Partida amaitu ostean, Ernesto Valverdek zerau adierazi du prentsaurrekoan: “Taldea oso ondo egon da eta aukera galdu dugu batez ere lehen zatian eta Austriaren aurkako esperientzia daukagu, 0-0 ez zen nahikoa izan, beraz, ezin gara fidatu. Betisi eutsi egin diogu eta pena da abantaila ez eramatea. Gure taldeak prestatzen du bere burua hau bezalako partidentzako eta beti gertatu den legez, erantzun egin du taldeak. Ezin dugu inor faboritotzat hartu, Betisek ahalmen handia dauka eta, horregatik esan dut faboritorik ez dagoela. Bakarrik San Mames leporaino egotea espero dut eta zalegoaren animo guztiak jasotzea”.

Eta bitartean, Liga ahaztu barik ea hor ere aurrerapausoa ematen den.