
Athletic Clubek 0 – Numantziak 2: Agur aukera guztiei
Athletic Clubek 0 – Numantziak 2: Agur aukera guztiei
Athletic Clubek agur esan dio behin betiko denboraldi honetako europar aukera zuzen guztiei Numantziaren aurka…
Athletic Clubek agur esan dio behin betiko denboraldi honetako europar aukera zuzen guztiei Numantziaren aurka 0-2 galdu ostean, Intertoto Cuperako tokia oraindik jokoan dagoen arren. Numantziaren golak Carlos Merino zurigorri ohiak eta Tevenetek, penaltiz, lortu dituzte, gainerako gol abagune ia guztiak etxekoak izan diren arren.
Bisitariek euren lan sendoari etekina atera badiote ere, apur bat gehiago merezi izan du Athletic Clubek, batez ere gure taldeak egin duen denboraldi politak ez duelako horrelako adiorik merezi.
Hasiera ona izan du Athletic Clubek, Tikok jaurtiketa bortitza egin du partida hasi eta berehala, baina Juanmak urrundu egin du eta ondorengo aukera kornerrean amaitu da. Ez da gutxiagorako izan Arriagaren abagunea bosgarren minutuan, baina ermuarrak ez du ondo errematatu buruz Iraolaren erdiraketa.
Bestalde, ezer berezirik egin gabe sartu du Numantziak bere lehen gola Carlos Merino jokalari zurigorri ohiaren eskutik. Maximo Hernandezen mutilek abantailari eutsi diote eta atzean sartu dira buru belarri. Athleticek jo eta su segitu du eta Tikoren areaz kanpoko jaurtiketa, Arriagaren errematea eta Llorenteren aukera pilatu dira, baina zorterik gabe eta, batez ere, erritmorik gabe zebilen etxeko taldea eta lehen zatiko bigarren erdian ez da deus ikusi San Mamesen. Numantziaren aldetik lojikoagoa zen, abantaila zuten eta, baina ez horrenbeste Athleticen kasuan.
Bigarren zatian sakonago jokatu du Athletic Clubek, batez ere eskuin hegaletik, eta atzerago sartu da Numantzia. Guerrero irten berriarentzat izan da lehen aukera, 56. minutuan, Ezquerrok izan du berea 60. minutuan, Del Hornok beste bat 62. minutuan, Llorente saiatu da 63. minutuan, Solabarrieta 64. minutuan, Orbaizek 66. minutuan eta Del Hornok berriro 72. minutuan, buruz, baina ez zen giro.
Eta hor itzali da Athleticen sugarra eta txartelak pilatzeaz gainera, espazioak irabazten joan dira Soriakoak eta aurrekoa gutxi balitz, zalantzazko penaltia adierazi diote Athletic Cluberi 89. minutuan, Tevenetek gola bihurtu duena. Dena salduta zegoela, Juanluk langara bidali du luzapenean, baina zigorra gehigezkoa zen jada.
Agur garratza San Mameseko denboraldi honetako partidei eta agur denboraldiari Gurpegi eta Del Hornorentzat, bosgarren txartela atera dizkiote eta.
