Athletic Club

Athletic Clubek 0-Sevillak 1: Ezin bururik altza

Athletic Clubek 0-Sevillak 1: Ezin bururik altza

Athletic Clubek ezin izan du Sevilla gainditu (0-1) eta sailkapenaren zuloan segitzen du. Azken jardunaldiotan…

Athletic Clubek ezin izan du Sevilla gainditu (0-1) eta sailkapenaren zuloan segitzen du. Azken jardunaldiotan gertatzen den bezala, ez du partida txarra egin gure taldeak, baina aurkariaren birtuteekin bat egin dute urduritasunak, eraginkortasun ezak eta epailearen lan kaxkarrak. Azken finean, lana, sendi zurigorriaren batasuna eta, zergatik ez, zorte pittin bat beharrezkoak dira behetik lehenbailehen irtetzeko.

Partida irekia izan da oso, batez ere lehen zatian, talde biek puntu premia larria baitzeukaten. Laugarren minuturako Saviolaren jaurtiketari erantzun ona eman dio Aranzubiak, seigarrenean Tikok eta Llorentek abagune paregabea izan dute jokaldi berberan, baina Palopek eta atzelariek ondo erantzun dute. Llorentek berak ezin izan du atera errematatu 11. minutuan eta 13. minutuan Kanoutek berebiziko aukera bidali du kanpora gola egitea lojikoena zirudien arren. Partidak nolabaiteko lasaituna ezagutu du azken ordu laurdenera arte. Hor Athleticek jo du lehen: Tikok (31′) eta Orbaizek (32′) izan baitute aukera bana, baina Sevillak jo du hobeto: Alvesek jaurtiketa bortitza angelutik sartu du 44. minutuan (0-1) eta Saviolak bigarrena gertu izan du minutu bat beranduago, baina Lacruzek buruz desbideratu du kornerrera argentinarraren baloi loratua.

Bigarren zatian askozaz urriagoak izan dira aukerak, Sevillak defentsako lana sendotu du-eta, baina askozaz normalagoak txartelak. Davidek bere lehendabizikoa ikusi du 53. minutuan eta 66. minutuan epaileak ez du ausardiarik izan bigarrena erakusteko. Hortik hiru minutura Juande Ramosek argi ikusi du dena eta Puerta atera du bere ordez. Kontrakoa suertatu da Tarantinoren kasuan. Bermeotarrak txartel hori bat ikusita zeukan lehen zatian eta bigarrena erakutsi diote 75. minutuan. Hortik atera kontuak.

Futbolari dagokionez, Murillo berehala sartu da Prietoren ordez, azken honen eskuin orkatilan zartadura zela medio. Navasek abagunea izan du 55. minutuan eta Llorentek argiena 61. minutuan baina gurutzatuegia joan da bere errematea. Guerrero sartu da Yesteren ordez 69. minutuan eta Kepa Saviolaren ordez 73. minutuan, Athleticeko estrategiako jokaldiak hobeto defendatzeko asmotan. Azken aldaketa ere egin du Mendilibarrek eta Javi Gonzalez Tikoren ordez zelairatu du 83. minutuan.

Zelaian sartu eta gero, Javi Navarrok egin duen penaltia gertutik ikusteko parada izan du eta seinalaturik gabeko zigorraren ostean Adrianorentzat izan da aukera paregabea, baina baloia gegihegi gurutzatu du Pablo Alfarori lekua utzi baino lehen. Athletic hamarrekin ere, sufritu du Sevillak baina puntuak urratu ditu San Mamesetik. Zaletuak ez dira oso pozik geratu, normala denez, baina pasarte askotan gehiegi astindu dute etxeko jokalaria.

Tristurarako ia lekurik utzi gabe, Kopa dator, ea bolada onaren hasiera den.