Athletic Club

Athletic Clubek 1-Mallorcak 1: Oztopo gehiegi eta puntu bat gehiago

Athletic Clubek 1-Mallorcak 1: Oztopo gehiegi eta puntu bat gehiago

Beste puntu bat lasaitasunaren helburua oraindik urrun dagoen arren Mallorcarekin bana egin eta gero. Yestek…

Beste puntu bat lasaitasunaren helburua oraindik urrun dagoen arren Mallorcarekin bana egin eta gero. Yestek aurreratu du Athletic Club hirugarren minutuan eta Arangok ezarri du berdinketa 23. minutuan arriskurik ez ei zeukan jokaldian. Azken zortzi partidetatik bat bakarrik galdu bada ere, azken seiretan punturen bat urratu da beti, borroka latza zain dago oraindik ere.

Zurigorriek ondo ekin diote neurketari, gogotsu, erraz iristen gora eta aspaldiko partez lehen uneotan golaren saria eskuratu dute. Hirugarren minutuan Gurpegik desbideraturik jaurti du areaz kanpotik eta Yesterengana joan da baloia, honek maisuki jeitsi du baloia Prats gainditu eta doi-doi barrura bidali. Hurrengoak izan dira minuturik onenak eta jokua Mallorcaren zelaian zegoen. Llorentek abagunea izan du 13 minutuan baina azken pasean ez da fin ibili.

Arangok buruz urrutitik sortu du bisitarien lehen ariskua 17. minutuan eta bi beranduago hasi dira komeriak. Prieto zorabiatu da, ez zuen ondo ikusten eta Murillo sartu da bere ordez, baina bere tokia bete du Gurpegik Murillo zelai erdian kokatu den bitartean. Mallorca gehiago sartu da partidan eta 23. minutuan Exposito hegalerantz zihoan baloia ez du behar bezala babestu, Tunik berreskuratu du, erdiratu eta Arangok berdinketa ezarri du. Athletic Clubek nabaritu du kolpea, Etxeberriak berebiziko bolea egin duen arren 25. minutuan, baina jokaldi horretan eta partida amaitu den bitartean ederto aritu da Prats.

Okerreko bidea hartu du egoerak. Baloi luzea bidali du Mallorcak, falta egin diote Gurpegiri eta epailea horrela seinalatu, baina lasterkaren inertziaz tupust egin dute Gurpegiren aurpegiak eta Lafuenteren belaunak. Alderik txarrena Gurpegirentzat izan da eta Tikori utzi dio lekua ordu erdia pasatu bezain pronto. Ekin ekin dio Athletic Clubek eta beste aukera sortu Llorenteren bitartez, baina angelu gutxi zuela, gehiegi gurutzatu du baloia 38. minutuan.

Oztopoak gainditu guran zebilen gure taldea, baina atzean eta zelai erdian baja garrantzitsuak pairatu ostean aurreko lerroari heldu zaio zorigaiztoko txanda. Etxeberriak min hartu du eskuin hankako bizeps femoralean eta Dañobeitia sartu da bere hutsunea betetzeko.

Dañobeitiak bera izan du lehen abagunea bigarren zatiaren hasieran, baina Pratsek desbideratu du. Orbaizek jaurti du 51. minutuan eta baloia kornerrean amaitu da, baina norgehiagoka aldapaz gora jarri da denbora aurrera joan ahala eta Mallorcak abagune batzuk sortu ditu etxekoen nekea aprobetxatuz. Pisculichik jaurti du urrutitik eta Lafuentek kornerrera bidali du baloia 52. minutuan eta Basinasek kanpora 67. minutuan. Gainera Manzanok mugitu du aulkia 68. minutuan Okubo Pisculichiren ordez sartuz, argentinarrari barkatu berri baizioten bigarren txartel horia, eta Farinos sartu da Tuniren ordez 75. minutuan. Clementek, tamalez, ez du aukera hori izan eta batez ere Yestek eta Llorentek nabaritu dute erlojuaren pisua.

Oreka nagusi zela detaile txiki batek erabaki zezakeen partida, Tiko saiatu da areaz kanpotik 77. minutuan eta Pratsek kornerrera urrundu du baloia eta Orbaizen beste jaurtiketa, 85. minutuan, kanpora joan da. Mallorcaren aldetik Farinosen burukada bat 83. minutuan izan da aipagarriena.

Azkenik puntu bat gehiago, Mallorcarekiko golaveragea alde, distantzia eta talde kopuru bera azken postuetatik sei jardunaldi falta direla. Publikoak gaurkoan ere ulertu du eginiko ahalegina eta San Mamesen geratzen zaizkigun hiru partidatan laguntza paregabea eskaintzen segituko du, dena izango baita beharrezko.