
Eli Ibarra: ‘100 partida erraz esaten dira baina asko dira.’
Eli Ibarra: ‘100 partida erraz esaten dira baina asko dira.’
Azkoitian jaio eta hiru hilabeterekin Elgoibarrera. Elgoibarren bizi da ordudanik. 1-Athleticekin 100. partida jokatu izanak…
Azkoitian jaio eta hiru hilabeterekin Elgoibarrera. Elgoibarren bizi da ordudanik.
1-Athleticekin 100. partida jokatu izanak esanahi bereziren bat al du zuretzat?
Niretzat oso garrantzitsua izan da. 100 partida erraz esaten dira baina asko dira. Hainbeste neurketa jokatzeko denbora asko behar da eta erregulartasun maila bat mantendu beharra dago. Partida guzti horiek elastiko zurigorriarekin jokatzean, are esanguratsuagoa izan da niretzat.
2-Aurtengo denboraldian trantsizio urte batean aurkitzen da taldea?
Aurreko urteetan maila oso altua jarri dugu eta jendea horretara ohitu da. Kontutan izan behar dugu baita ere beste taldeak asko indartu direla eta orain zailagoa dela partidak irabaztea.
3-Koparako sailkatuta zaudete. Zuen helburu nagusi bihurtu da?
Orain arte ez dugu ezer egin txapelketa honetan eta aurten gogotsu ekingo diogu. Levanteri, guri bezela, ihes egin dio Liga txapelketak eta beraiek izango dira gure aurkari gogorrenak Kopan.
4-Superligara atzerritarrak iritsi izana nabaritu duzue?
Ez da asko aldatu. Badaude atzerritar pare bat nahiko onak direnak baina bertako jendea hobea dela uste dut.
5-Konpetentzia handiagoa da aurten Superligan?
Bai. Taldeak asko indartu dira fitxaketekin. Aurreko denboraldietan, Levante zan gurekin batera hor goian zegoen bakarra. Baina aurten Sevilla eta Espanyol ere batu zaizkigu. Eta aipatzekoa da Liga txapelketa bien esku geratu dela, izan ere tarte handia atera digute azkenengo jardunaldietan.
6-Zein taldek harritu zaitu gehien?
Espanyolek. Talde oso ona egin dute eta banekien ongi ibiliko zena baina ez nuen uste horren goian izango zenik. Sevillak ere talde ona du baina horrek ez nau horrenbeste harritu, iaz ere ongi ibili bait ziren.
7-Orain arte jokatu duzuen txapelketa tartean nor izan da jokalari onena zuretzat?
Adriana, Espaynolekoa. Aspalditik ezagutzen dut eta oso ona da. Altuera du, fina, teknikoki ona. Jokalari berezia da.
8-Mundu mailan nortzuk dira erreferentzia nagusiak?
Alemanian eta Holandan txiki-txikitatik hasten dira futbolean, hemen ez bezela, eta hori asko nabaritzen da. Alde handia dagoela ikusten dugu atzerrira joaten garenean.
9-Zer deritxozu emakumezko batek gizonezkoekin jokatu ahal izateari?
Naturaz ezberdinak gara eta nire ustez ezin daitezke konparatu. Abila izanez gero eta asko entrenatuz gero, teknikoki parekatu daiteke baina fisikoki indartsuagoak dira gizonezkoak.
10-Zelaian maniarik al duzu?
Betiko moduan ateratzen naiz zelaira. Ez dut ezer berezirik egiten
11-Elgoibarren jarraitzaile zurigorri gehiago dago Athletic Clubera iritsi zinenetik?
Athleticzaleak eta Errealzaleak berdintsu gaude. Sendian ere banatuta gaude. Batetik neba eta ama errealzaleak dira eta bestetik aita eta ni athleticzaleak.
