Athletic Club

Iban Zubiaurre: ‘Berriro futbolaria sentituko naizela esan dezaket’

Iban Zubiaurre: ‘Berriro futbolaria sentituko naizela esan dezaket’

Ana Urquijok presidenteak Iban Zubiaurre jokalaria aurkeztu du azaroaren 16an San Mameseko prentsa aretoan. Hemen,…

Ana Urquijok presidenteak Iban Zubiaurre jokalaria aurkeztu du azaroaren 16an San Mameseko prentsa aretoan. Hemen, elkarrizketa bat Iban Zubiaurrerekin.

Futbolaria sentitzen zara dagoeneko ala entrenatzearekin soilik ez da nahikoa izango?
Behin taldeko dinamikan sartuz, hau da, kontratua izenpetu eta gero, taldekideekin entrenatzeko aukera izango dut eta berriro futbolaria sentituko naizela esan dezaket.

Uste baino beranduago konpondu da dena?
Bai, hamasei hilabeteak oso gogorrak izan dira, orain nire lehentasuna ahalik eta hobekien jartzea izango da, ahalik eta azkarren, konsziente naiz taldetik at egon naizenez, entrenamenduak egin ditudan arren, denbora beharko dudala sasoian egoteko.

Gauza asko pasa dira burutik horrelako egoera batean. Noizbait pentsatu al duzu dena uztea?
Bai, arestian aipatu ditudan hamasei hilabeteak luzeak dira oso eta horrenbeste denboran gauza asko pasatzen dira burutik eta, gainera, Realak jarri dituen hainbeste oztopo ikusita, noizean behin futbola uztea pentsatu dut beste bizitza “arrunta” eramateko. Zorionez gehienetan animoak eman dizkiot nire buruari aurrera baikortasunez begiratzeko, gauzak konponduko zirelakoan, baina oso latza izan da, gogorra benetan.

Beraz, mendekutzat har daiteke Real Sociedad Kirol Elkarte Anonimoak zure lanbidea egin ez dezazun jarri dituen oztopo lasterketa?
Egia esateko, ulertzen dut Realak bere interesak defendatzeko izan duen jarrera, baina berriro diot, gauza bat da interesak defendatzea eta bestelakoa da oso ni Athletic Clubeko jokalaria ez izateko azken hamasei hilabeteetan egin dituzten ahalegin guztiak. Ez dakit mendeku hitza egokiena den, baina nire lanbidea galarazteko ahal den guztia egiten ari da Administrazio Kontseilua eta hori da gehien mindu nauena.

Espero al zenuen jarrera hori?
Ez, argi gera dadila ulertu dezakedala Realak bere interesak defendatzea, baina ni futbolaria ez izateko egin dituzten ahalegin guztiak ez nituen espero. Alde nabaria dago jarrera biren artean.

Zerk eman dizu indar gehien?
Familiarrek eta lagunartekoak babestu naute alde batetik eta, bestetik, nire konbentzimenduak egin du falta zena, jakin banekien egunen batean posiblea izango nuela Athleticen jokatzea.

Nola uste duzu jasoko zaituztela aldagelan? Ezagunak al dituzu bertan?
Ondo hartuko naute, ez dut uste inolako arazorik edukiko nuenik, batzuk espainiar behe mailako selekzioetatik ezagutzen ditut… Murillo bezala, Iraola, Gabilondo ere ezagutzen dut, Casasen aurka jokatu dut eta Solabarrietarekin txikitatik harreman estua daukat, hondartzako partidak zirela eta.

Zama astuna izan daiteke kontratu luzea izatea?
Zortzi denboraldiko kontratua sinatu eta gero lasaitasuna izango dut futbolean jokatzeko eta ez dut uste hori zama izango denik, pizgarria baizik.

Zure adiskide ohien aldetik laguntza jaso al duzu?
Realaren partaideen aurka ezin dut ezer ez esan, gauza bat da enplegatu eta jokalarien jarrera eta bestelakoa Administrazio Kontseilutik pairatu dudan tratua. Jokalari askorekin hitz egin dut normaltasunez: Asier Riesgo, Xabi Prieto, Alonso etab…

Zure ustez Athletic ez den beste talde batera joateko asmoa agertuz gero aspaldian kokatzen egongo zinatekeen?
Bai, ez dut uste horrenbeste oztopo jarriko didatenik.

Zergatik nahi zenuen Athleticen jokatu?
Familia zurigorria zen, Athletic zalea betidanik eta lojikoa zen Athletic gustokoa izatea, txikitatik egon naiz San Mamesen Athleticen partidak ikusten.

Bestalde, nola tratatu zaituzte aurkitu dituzun zale zurigorriek?
Ondo, ez dut inolako arazorik izan ezta Realeko jarraitzaileekin ere, Mendaron bertan nire auzia piztu zenetik ondo tratatu naute eta niretzat askozaz inportanteagoa dena, ulertu ere ulertu dute eman dudan pausoa.

Nolakoa izan da harremana Athletic Clubarekin? Bakarrik sentitu al zara inoiz?
Ez, Txema Noriegarekin harremanak izan ditut telefonoz, maiz hitz egin dut berarekin, jokalari batzurekin ere hitz egin dut. Ez naiz inoiz bakarrik sentitu.

Atzera begira zeozer eskertuko nahiko zenuke?
Jakina, familia eta lagunartekoei egin duten guztia, beti alboan izan ditut eta egunero animoak ematen egon dira. Halaber, Durangon eta Elgoibarren egon naizenean, oso ondo tratatu naute, beste bat balitz bezala, normaltasunez.

Zer egin duzu burua garbi edukitzeko?
Ekimen batzuk hartu nituen, arlo fisikoarekin lotura daudenak. Lehenengo eta behin prestatzaile físiko bat hartu nuen eta astean hirutan Bilboko Zorrotzako polikiroldegira joaten nintzen. Halaber, mendian sartu ditut ordu dexente burua garbitzeko, baina ia nahi gabe pentsatzeari ekiten diozu eta hamasei hilabetetan saiatzen zara orduak ahalik eta azkarren pasatzen.

Nola ikusi duzu taldea kanpotik?
Hasieratik ahul samar, baina jardunaldiak aurrera joan ahala eta partida batzutan epaileek hartutako erabakiak albo batera utziz, uste dut nahiko indarra badugula hortik ateratzeko… Mallorcakoaren ostean taldeak ondo errakzionatu du eta Valentzian talde sendo bat ikusi genuen.

Definitu zure izaera futbolari bezala…..
Hitz gutxitan. Lateral bezala jokatzen dut eskuinean eta ahal dudanean gora jotzen dut, nire lanik garrantzitsuena defendatzea dela kontuan eta argi izanik.

Mezu bat zale zurigorrientzat
Bakarrik esan prest izango naizela Athleticen alde ahal dudan guztia emateko.