
Iñigo Juaristi: ‘Eslobenian gure estiloa mantendu behar dugu’
Iñigo Juaristi: ‘Eslobenian gure estiloa mantendu behar dugu’
Iñigo Juaristi pozarren dago orain arte egindako lanaz, batez ere Holandako egonaldian. Orain UEFA Women’s…
Iñigo Juaristi pozarren dago orain arte egindako lanaz, batez ere Holandako egonaldian. Orain UEFA Women’s Cupen erronka iristear dago eta bere iritzia ematen du taldearen inguruko gaietaz.
Zelan Holandan egin duzuen egonaldia?
Oso ondo. Gero eta lan gehiago egitea zen helburua eta erritmoa hartzea eta gauza biak lotu ditugu. Egia da lan hori Lezaman egin daitekela, baina Holandan goi mailako bi talderekin lehiatzeko aukera izan dugu eta erantzuna ona izan da oso.
Nola uztartu dira jokalari berriak?
Gure taldea zabala da oso eta erraztasun osoz hartzen du etorri berria. Heldu eta berehala bat gehiago dira arlo guztietan. Kirol aldetik baliteke zailago izatea, jokalari berria talde txapeldunera iristen da eta, nazioartekotasuna duten jokalarien artean postu bat topatzea zaila da oso.
Lehiaketak 18 jokalari soilik deitzera behartzen gaitu, jokalari gehiago eramango dugu arren, horrelako ekitaldia bizitzea merezi duelako.
Hala eta guztiz ere, heldu berriren batek minutuak edukiko ditu Championsen, denboraldiaurrean erakutsi duten mailak ahalbideratzen du eta.
Andereren lesioa da okerrena ezta?
Baietz. Larria dela baieztatu denez hilabete asko emango du zelaietatik at. Pena da eta animatu behar dugu lanera gogo gehiagoz itzultzeko.
Bestalde, arazo konkretua daukagu atean eta pentsatu behar dugu nola konpontzen dugun, baina orain lehiaketan ipini behar ditugu indar guztiak.
Eta etsaietaz zer?
Gutxi dakigu tokatu zaizkigun taldeetaz. Ikusentzuteko informazioa eskuratzea ia ezinezkoa da, batez ere lehendabiziko fase honetan.
Teoriaz behintzat estreinaldiko partida da zailena. Etxekoa taldea da, etxean bertan jokatzen dute eta irabazteko gogo guztiak edukiko dituzte. Azkena izango balitz bezala jokatu neharko dugu.
Horren ostean multzoko bigarren partida ikusiko dugu. Egutegiak ahalbideratzen digu talde italiarraren lehen bi partidak ikustea eta berri ona da hori, gurekin batera faboritorik handienak dira aurrera segitzeko.
Italiarrak aipatu dituzu, Bardolino alegia. Horko emakumezkoen futbolak antzarik ba al du gizonezkoen futbolarekin, jokatzeko eraz?
Hala dirudi. Gure taldean dauzkagun nazioarteko jokalariek hala diote behintzat italiarraren aurka aritu direnean hartu duten erreferentzia galdetzean. Azkarrak, gogorrak, indartsuak eta emaitzaren bila etengabe. Inportanteena golik ez jasotzea da. Gure estiloa mantendu behar dugu eta Holandan erakutsi dugunez, edozein jokatzeko erara moldatuko gara.
Zenolako bilakaera izan du taldeak eta zu zeu entrenatzaile bezala duela lau urteko parte-hartzearekin alderatuz?
Lehendabiziko aldian etxean jokatu genuen, baina zorte txarra izan genuen azkenean titulua eskuratu zuen taldearen aurka aritzea egokitu zitzaigulako. Hobera jo dugu, ez dugu ahaztu behar goian segitu dugula eta Superligako lau titulu eskuratu dugula. Hazten doan kirola da emakumezkoen futbola eta horrela jarraituko duelakoan nago. Hala bedi.
Azkenik, zer esango zenieke web honen bitartez uneoro zuen emaitzak segituko dituzten zaleei?
Dena emango dugula esan nahiko nieke, kalitatea daukagula bigarren fasera pasatzeko eta ilusioa mantentzeko. Gure taldea final laurdenetan egon daitekela uste dut. Dakigun moduan egiten saiatuko gara eta ziur nago gure webaren bitartez informazioa iritsiko zaiola Athletic Clubeko zalegoari.
Eusko Jaularitzako Kultur Sailaren laguntzarekin
