Athletic Club

Athletic Clubeko Estatutuak berritzea, guztion eta guztiontzako erronka

Athletic Clubeko Estatutuak berritzea, guztion eta guztiontzako erronka

Athletic Clubeko egungo Zuzendaritza Batzak etengabeko ahaleginak egiten ari dira Kluba arlo guztietan birsortzeko eta…

Athletic Clubeko egungo Zuzendaritza Batzak etengabeko ahaleginak egiten ari dira Kluba arlo guztietan birsortzeko eta modernizatzeko.

Horixe bera izan zen hauteskunde garaian aurkeztu zen proiektuarekiko engaiamendua, klubeko jabetza hartu genuen ekitaldian berretsi zen legez eta Zuzendaritza Batzak agintaldiari ekin zionetik Batzar Nagusiaren aurrean egin dituen agerpen guztietan.

Ahalegin honek, gainera, azken hamalau hilabeteotan hartu diren ekimen eta erabaki askotan izan du islada. Bazkideen zein Bizkaiko gizartearen iritziz, batzuk onak ala onargarriak eta beste batzuk, aldiz, arriskutsuegiak edo okerrak. Baina ezin da zalantzan ipini Zuzendaritza Batzaren asmo berritzaile eta modernizatzaile, pausoz pauso Klub modernoago, erangikorrago, gardenago, parte-hartzaileago, eta, azken finean, prestatuago arlo guztietan lehiatzeko, kirol arlotik arlo ekonomiko zein instituzionaleraino, arrakasta lortzeko aukerak izateko.

Askotan, bide horrek egoerari krudeltasunez aurre ematera behartu gaitu, errazak ez diren neurriak hartuz, baina horretan datza, prezeski, edozein erakunde zein instituzioan kudeaketa ardurak aurrera eramatea. Agerian dagoenari Athletic Cluben aldetik hartzen den edozein neurriak lortzen duen islada, bai hedabideetan, baita publikoki ere, gehitzen badiogu, are ulergarriagoa da Zuzendaritza Batzako kide guztientzat hasitako bidean norabidea tinko mantentzeak suposatu duen ahalegina.

Kluba berregituratzeko lan orokorraren baitan bere bizitza zuzentzen dituen oinarrizko
arauak berritzea izan zen engaiamendutako bat. Badirudi gehiengo batek bat egiten duela diagnostikoan: oinarrizko arauak zaharkiturik daude eta, agi denez, aribide desegoki eta kutsatuak sortu dituztela Klubeko kudeaketan bazkidegoak duen parte-hartzeari dagokionez. Bestalde, hamar urteko bizitza dute egungo Estatutuek eta, zertxobait gehiago, beharbada, behar legezko publizitatea eta maila izan ez dituen hauteskunde-arautegiak. Beraz, arestian aipatu den diagnostikoa arautegiaren aspaldiko aplikazioaren eskutik dator.

Guzti harengatik, Zuzendaritza Batzak datorren asteazkenean egingo den Batzar Nagusiaren gai zerrendan Klubeko Estatutuen berritze prozesuaren irekiera sartzea deliberatu du. Honen bitartez, duen bultzada berritzaileaz gain, bazkideekiko hartu zen engaiamendua bete du.

Estatutuen erreforma prozesua ez da aski ezaguna bazkide eta zaleen aldetik eta, horren harira, nolabaiteko zalantza kutsua hedatu da Zuzendaritza Batzaren asmoei dagokienez.
Gauzak horrela, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzaren presidentea naizen aldetik, argi eta garbi utzi gura dut Zuzendaritza Batzak ez duela inolako buruzagitzarik egingo ezta soslai konkreturik emango ere ireki gura den berritze prozesuari.

Batzaren kideek bazkide bezala hartuko dute parte prozesuan, hala gura izanez gero, baina ez da horrela gertatuko taldekako ardurari dagokigunez, Batzak uko egiten baitio prozesuan eduki zezakeen ezein zereginari.

Egungo Estatutuen arabera, berritze prozesua Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den bozketaren bitartez hasten da. Bertaratuko diren konpromisarioen gehiengo soilak hala erabakitzen badu, Estatutuak berritzeko prozesua irekiko da.

Jarraian Batzorde bat osatuko da. Haren ardura prozesuaren buruzagitza eta bideratze lana egitea izango da eta horrekin batera erreforma proposamen zehatza egitea. Batzar Nagusiak batzorde honen kide bi izendatuko du eta beste bi Zuzendaritza Batzak. Bosgarrena, Estatutuek zehazten dutenez, Athletic Clubeko presidentea izango da. Hainbat esparrutan aipatu da osaketa horrek egun dagoen Batzari prozesua baldintzatzeko aukera emango liokela. Gaur egungo Estatutuen egileek eduki zezaketen asmoak aztertu barik, aplikatu beharreko arautegia da, gustokoa izan ala ez.

Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzaren asmoa da batzorde erredaktore independiente eta institituzionala izan dadila, ospedun pertsonez osaturik, lanbide ibilbide garbi dutenak eta athleticzale sentimenduaz horniturik. Hauen artean aintzat hartuak diren gaitasun handiko juristak egongo dira eta, era berean, bizkaitar futbola eta Athletic Cluberi egin dioten ekarpenarekin batera gaitasun teknikoa eta gure klubeko izaeraren ezagutza, irekitasuna eta ahalmena daukatenak hasiko dugun bezalako prozesu delikatu baten buruzagitza eramateko.

Arestian aipatzen denari jarraipena emoteko, Zuzendaritza Batzak, esandakoa gezurtatuz, Batzordeko kide bezala Athletic Club eta bizkaitar futbolean erantzunezinezko ibilbidea duten bi pertsona izendatzea proposatuko dio Batzar Nagusiari eta, ospe handiko bi jurista zuzenzean izendatuko ditu, Estatutuek horrela diotelako, horregatik bakarrik. Pertsona guzti hauek zentzudunak eta inolaz ere, duten heziketa eta iritzi-askatasuna kontuan hartuta, inorengatik baldintzatuak izateko inolako arriskurik gabekoak dira. Jarrera ona dute eta abegikorrak dira bazkideen parte-hartze eraikitzailea bideratzeko, baina aldi berean guztiz independienteak. Azkenik, Athletic Clubeko presidenteak osatuko du ere Batzordea, baina Estatutuen arabera bere gabe osatzea ezinezkoa delako soilik. Aukerarik txikiena balego, ez litzateke bertan egongo.

Batzordea osatzen denetik, fase berri bati ekingo zaio. Honetan bazkideentzat irekia izango da eta edozeinek proposamenak aurki ditzake. Proposamen hauetan oinarriturik eta bere irizpideen arabera, Batzordeak Estatutuak erreformatzeko ala aldatzeko testu artikulatua aurkeztu behar du, publikoki jakinaraziko dena bertan bozkatu behar den Ezohiko Batzar Nagusia baino lehenago. Une horretan, bazkideen iradokizunak ezagutzeko irekitzen denean hain zuzen ere, Zuzendaritza Batza osatzen dugunok – bazkide bezala eta gure ezagutzatik, berriro diot- gure ekarpenak helaraziko dizkiogu Batzordeari, beti ere hauteskunde arautegia eta konpromisarioak aukeratzeko sistema errotik aldatzeko asmoarekin, batez ere hautagaiei eman beharreko bermeen sistema aldatzeko eta presidentea hautatzeko prozesuaren epeak laburtzeko, ezarkorra den legediaren baitan.

Estatutuen berritze prozesua itxiko duen Ezohiko Batzar Nagusian bileran parte hartzen duten konpromisarioen bi herenen aldeko botua ezinbestekoa da proposamena onartua izan dadin. Egungo Estatutuetan jasotzen denez, Zuzendaritza Batzak horrela erabaki duelako, Ezohiko Batzar Nagusian egingo den bozketa izendatua eta publikoa izango da.

Beraz, Batzar Nagusiak, klubeko organo gorena bezala, duen ardura bereganatu eta gauzatu egin behar du. Bertan, Estatutu berriei begira ideiak, ekimenak edota iradokizunak eskaini gura duen bazkideak bide zabala dauka erreforma proiektuan parte hartzeko.

Batzordeari eman gura zaion osaketak bermatzen du, edozein kasutan ere, prozesuaren irizpideak independentzia, gardentasuna, gaitasun profesionala zein pertsonala izango direla nagusi, ikuspegi instituzional eta zentzuduna izateaz gainera. Biak hain beharrezkoak gure Athletic maitatuaren hainbestetan dardartia den bizitzan eta askotan faltan izan ditugunak.

Athletic osatzen dugun guztiontzako erronka mahai gainean dago. Bizkaiko gizarteak arreta handiz segituko du, inolako zalantza izpirik gabe, irekitzear dagoen eztabaida. Ziur nago pertsonalki Klubeko arlo guztiak osatzen dugunok: konpromisarioak, batzakideak, bazkideak eta profesional guztiak, erronkari eutsiko diogula, gure klubaren gaurkotasuna segitzen duten zale guztiek egingo duten moduan eta baita hedabideek ere, eurek ederto jakingo baitute irekitzear dagoen prozesu delikatu honen garrantzia bideratzen. Kontuan hartuta prozesu hau desitxuratuta geldituko litzatekela bazkidegoaren partehartze zabal eta pluralik gabe.

Pertsonalki guztiona eta guztiontzako den prozesu honetan parte hartzeko dei egiten diet, etorkizunean hobeago, parte-hartzaileago, irekiago eta demokratikoago izango den Athleticen oinarri instituzionalak ezartzeko baliagarria izango delakoan.

Fernando Garcia Macua
Athletic Clubeko presidentea