Athletic Club

Letrak eta Futbola

Letrak eta Futbola

Fundacion Athletic Club Fundazioak eta Foru Liburutegiak mahai-inguru eta hitzaldien zikloa aurkezten dute “Letrak eta…

Fundacion Athletic Club Fundazioak eta Foru Liburutegiak mahai-inguru eta hitzaldien zikloa aurkezten dute “Letrak eta Futbola” titulupean. Ekitaldiak urrian egingo dira eta zenbait idazlek zein Athletic Clubeko jokalarik futbolak letrekin duen harremanaz hitz egingo dute, literaturaren sortzeari eta baita entseguari ere dagokienez.

Saioak urriaren 7, 14 eta 26an, 19:00etan, izango dira Foru Liburutegian (Diputazioa 7 kalea, Bilbo) eta Sergi Pàmies, Miguel Gonzalez San Martin, David Trueba eta Juan Villoro idazleek, Andoni Zubizarreta egungo FC Bartzelonaren Zuzendari Teknikoak eta Carlos Gurpegi eta Andoni Iraola Athletic Clubeko jokalariek hartuko dute parte.

Urriaren 7an hasiko da zikloa “Futbola eta literatura: baloia adierazi” titulupeko mahai-inguru batez, eta bertan futbolak kontaketarekin duen harremana eztabaidatuko da. Futbolari buruzko “elaberri handia” zergatik oraindik ez dagoen, jokoa deskribapenekin nolako lotura duen, jokoa zehazteko erabiltzen diren metaforen natura eta abar, izango dira jorratuko diren gaiak. Mahaian izango dira Sergi Pàmies, Miguel Gonzalez San Martin eta Carlos Gurpegi.

Bigarren mahai-ingurua urriaren 14an egingo da “Futbola eta entsegua: baloia pentsatu” izenburupean. Ikutuko den gaia da futbolaren mundua entseguan duen isla, bai prentsa zutabetan bai ikasketa soziologikoetan. David Trueba, Andoni Zubizarreta eta Andoni Iraola izango dira hizlariak.

Azkenik, urriaren 26an, asteartean, Juan Villoro idazle mexikar ospetsuak zikloa itxiko du maisutasunezko hitzaldi bat eskainiz. “Baloia eta burua, futbola kultur gertakari gisa” izenburupean, Villorok futbolaren fenomenoa kultur ikuspegi batetik aztertuko du.

Mahai-inguruak eta hitzaldia 19:00etan hasiko dira eta edozeinek doan joateko aukera du (Liburutegian sartzeko NA eraman behar dela gogoan hartu).

Athletic Club Fundazioak urtero programatuta, kultura esparru batean futbolarekin eta kirolarekin harremana duen ekintza multzoaren barruan kokaturik dago “Letrak eta Futbola” zikloa. Gure gizartean kultura sarea indartzea dute helburu ekintza hauek, kirol ikuskizunen ohiko ikusleak futbola edota kirolaren gaiak dituzten kultura ekintzetara erakarriz. Horretarako, edukien kalitatea mantentzen da hezigarriak eta erakargarriagoak izateko. Bide batez, zaleei kultura gogoetaren mundura hurbiltzea da asmoa, futbolarekiko duten pasioa bizi izateko modu desberdinak daudela erakutsiz. Baita Athletic Clubeko gizarte, kultura eta sentimenduari buruzko garrantziaz ere gogoeta egiteko.

Testuinguru honetan, adibidez, aurten Athletic Club Fundazioak, alde batetik, Argazki eta Idazketa Lehiaketak, eta bestetik, joandako maiatzean Bilboko Errekalde Aretoan “Artea, futbola eta gizartea” hitzaldi zikloa antolatu ditu.

Partehartzaileen biografiak:

Sergi Pàmies (Paris, 1960) Idazle kataluniarra, Teresa Pàmies idazlearen eta Gregorio López Raimundo politikoaren semea da. Parisen jaio zen diktadura garaian gurasoak erbesteratu zirelako, eta bertan frantsesa ikasi zuen, egun hizkuntza honen itzultzaile bikaina delarik. 1986an “Debería caérsete la cara de vergüenza” ipuin bildumaren liburuari esker ezagun bihurtu zen, eta geroago lan gehiago egin zituen, bai elaberriak zein ipuin liburuak, tartean aipagarriak dira, saria lortu zuen “Si te comes un limón sin hacer muecas” (2006) eta “La bicicleta estática” (2010), egindako azkena. Katalunyako zenbait komunikabideren ohiko laguntzailea da. La Vanguardia egunkarian futbolaren inguruko testuak idatzi ohi du. FC Bartzelonaren zalea da eta talde horren nondik-norakoak idazten ditu.

Miguel Gonzalez San Martín (Muskiz, 1953) Idazle bizkaitarra, “El tranvía aéreo” kontaketa liburua eta “Hotel Ucrania” eta “Dos entradas para Wembley” elaberriak argitaratu ditu. Athletic Clubeko jokalari ohi baten istorioa kontatzen duen azken honetan, Gonzalez San Martinek futbola, oroimena eta haurtzaroaren arteko erlazioa ikertzen du. El Correon kolaborazioak egiten ditu astero Athletic Cluben inguruan duen ikuspegia kaleratuz.

David Trueba (Madril, 1969) Sortzaile polifazetikoa da eta prentsan, irratian eta telebistan egin du lan. “El peor programa de la semana” telebista saioaren zuzendarietako bat izan da, eta baita “Amo tu cama rica”, “Los peores años de nuestra vida”, “Two Much” eta “La niña de tus ojos” pelikulen gidoilaria ere. Besteak beste, “La buena vida”, “Obra maestra” eta “Soldados de Salamina”.zuzendu ditu. Eleberriak egin ditu, tartean, “Abierto toda la noche”, “Cuatro amigos” eta “Saber Perder”. Azken honetan futbolak berebiziko garrantzia du Ariel jokalari argentinarra den protagonistaren bitartez. Egun, El Paisekin kolaboratzen du futbolari buruz idazten duela.

Andoni Zubizarreta (Gasteiz, 1961) Athletic Clubeko jokalari ohia da, eta Ligako bi titulu eta Kopa bana irabazi ditu talde zurigorrian. 1986an, FC Bartzelonak fitxatu zuen eta bertan, bere ibilbide bikainarekin segitu zuen Europako Kopa (1992) lortuz. Halaber, Espainiako selekzioarekin 126 aldiz jokatu izan du, beraz, marka hautsi zuen.
Futbolari agur esan eta gero, Athletic Clubeko Kirol Zuzendari Nagusia izendatu zuten 2001 eta 2004 urteen artean, eta gaur egun FC Bartzelonaren Zuzendari Teknikoa da. Idazle eta esatari moduan, zenbait hedabiderekin egin du lan kolaboratzaile gisa, adibidez, TVE eta El País. 2008an, “Una vida entre tres palos y tres líneas” izenburuko autobiografiko kontaketa luzea egin zuen, “Cultura(s) del fútbol”.liburuan dagoena.

Juan Villoro (Mexiko DF, 1956) Gaur egun, idazle hispanoamerikar garrantzitsuenetakoa da Bere ibilbidea, eleberria, ipuina, entsegua, eguneko bidaiak, kronika, kazetari artikulua eta haurrentzako liburuaren eremuetan bilakatu da. “Materia dispuesta”, “El disparo de Argón” eta primerako “El testigo” eleberriak argitaratu ditu. Azken honekin Herralde Saria irabazi zuen 2004an. Bere ipuinen artean, “La casa pierde” eta “Los culpables” azpimarratu behar dira, eta haur literatura atalean, “El profesor Zíper y la fabulosa guitarra eléctrica” eta “El libro salvaje”. Gaur egun, literatura irakaslea da Mexikoko Autonomi Nazional Unibertsitatean (UNAM) eta gonbidatua da Yale, Boston eta Bartzelonako Pompeu i Fabra unibertsitateetan. Halaber, kolaboratzen du, aldizka, La Jornada (Mexiko), El Pais eta El Periodico egunkarietan eta Letras Libres, Proceso, Nexos eta Reforma argitalpenetan. Hauetan, modu bikain batez gai futbolistikoak jorratu ohi ditu. Futbolari buruz egin dituen zenbait artikulu aipagarri “Dios es redondo” liburuan irakur daitezke, 2006an Anagramak argitaratuta.