
Aurrestreinaldia: “Mende bat eta 90 minutu”
Aurrestreinaldia: “Mende bat eta 90 minutu”
Abuztuaren 21ean, asteazkenean, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, Athletic Clubek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Baleuko ekoizleak…
Abuztuaren 21ean, asteazkenean, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, Athletic Clubek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Baleuko ekoizleak “Mende bat eta 90 minutu” filmaren aurrestreinaldia eskainiko dute, hau da, hurrengo belaunaldien oinordetzan utzi nahi den San Mames zelai zaharraren bizitza eta esentzia batzen dituen ikus-entzunezko dokumentu zehatza eta kalitatezkoa. Euskal Telebista, Euskaltel, Canal + eta Bilboko Udala ere partaide izan dira filmaren ekoizpen eta finantzaketan. Proiekzioari 13.00etan hasiera emango zaio eta dokumentala hasi baino ordu erdi lehenago, Guggenheim Bilbao Museoaren kanpoaldean, garai batean Ingelesen Landa izan zen horretan, oroitzapenezko argazki saioa egongo da.
Leku eta data zehatz hauek oroitzapenezko dokumental honen estreinaldiarentzako ez dira kasualitatez aukeratu. Orain dela mende bat baino gehiago Ingelesen Landa hauetan, britainiarren hilerriaren alboan hain zuzen ere, Bilbon lehendabizikoz jokatu diren ‘foot-ball’ partidak gauzatu ziren. Eta San Mames zelaian jokatutako lehen norgehiagoka txapelketa triangelukatu bati hasiera eman zion Athletic Club eta Irungo Racingen kontrakoa izan zen, 1913ko abuztuaren 21ean. Lehia arratsaldeko 5etan hasi zen eta lehendabiziko gola Athleticen estreinako mitoak gauzatu zuen: Rafael Moreno ‘Pitxitxik’. Hortaz, abuztuaren 21ean San Mamesen inaugurazioaren mendeurrena beteko da.
Ordu bete eta erdian, Athletic Cluben zelai zaharraren historia berrikusten duen dokumentala dugu Unai Larrea kazetariak zuzendu duen ‘Mende bat eta 90 minutu hau. Bere lanaren ardatza gehienbat San Mamesen grabatuak izan diren garai berdineko zenbait Athletic Clubeko eta talde aurkari bateko jokalari bien arteko berrelkartzetan dugu. Makina bat agiritegi-irudi, zenbait erabat harrigarriak ahanzturatik berreskuratuak izan direnez, eta horrez gain pertsonai publiko eta pribatuei (politikariak, idazleak, musikariak, bazkide arruntak…) egindako elkarrizketak eratzen dute dokumentala. Hirurogei pertsona baino gehiagok hartu dute parte, euren ahots, irudi eta oroitzapenekin, iragan ekainaren bukaeran, San Mamesen eraispenaren hasierarekin bat eginez, bukatutzat eman zen 2012ko azaroan hasitako lan honetan.
Besteak beste Johann Cruyff, Iker Casillas, Xavi Hernandez, Vicente del Bosque, Jorge Valdano, Andoni Zubizarreta, Jose Angel Iribar, Rafa Iriondo, Txetxu Rojo, Joseba Etxeberria, Angel Maria Villar, Julen Guerrero, Josu Urrutia, Carmelo eta Andoni Cedrun, Javier Clemente, Luis Fernandez, Andoni Goikoetxea, Iñigo Liceranzu, Peio Uralde, Jesus Mari Zamora, Carlos Gurpegi, Iñaki Saez, Jose Eulogio Garate, Joaquin Alonso, Rafa Guerrero, Nerea Onaindia, Susana Guerrero edo Juanlu (San Mameseko azken golegile ofiziala) izan ditugu berrelkarketa hauen protagonista. Horrez gain, elkarrizketatuen artean Jose Luis Bilbao, Iñaki Azkuna, Antonio Basagoiti, Jone Goirizelaia, Joaquin Almunia, Kepa Junkera, Kirmen Uribe, Anton Barrutia edo Eneko Atxa, ditugu.
