
VIII. atalburua: Mendeurrenatik gaur arte
VIII. atalburua: Mendeurrenatik gaur arte
Betidanik izango dugu gogoan Athletic Cluben Mendeurrenaren urtea, eta horrekin batera Brasilgo selekzioaren kontra antolatutako…
Betidanik izango dugu gogoan Athletic Cluben Mendeurrenaren urtea, eta horrekin batera Brasilgo selekzioaren kontra antolatutako oroimeneko partida.
Katedralak ez du sekula santan bere zelai gainean horrenbesteko izar ikusteko aukerarik izan. Jakinda ere hamar bat egun beranduago Frantziako Munduko Txapelketan parte hartu behar zutela, non finalera iritzi ziren, Mario ‘Lobo’ Zagalok zuzentzen zuen taldeak pozik hartu zuen 1998ko maiatzaren 31an Bilbon jokatzeko jaso zuen gonbidapen hura. Hauek izan ziren berdeguneratu ziren ‘canarinhakoak’: Taffarel, Cafú (Zé Carlos), Aldair, Junior Baiano, Roberto Carlos, Doriva, Sampaio (Leonardo), Giovanni (Denilson), Rivaldo, Bebeto (Edmundo) eta Ronaldo.
Cafúk berak, 1995ean Zaragozarekin aritu izandakoa nahiz eta aragoiarrekin Katedralean inoiz ere ez jokatu, 1998ko abuztuan Bilbon lagunarteko baten aritzeko aukera izan zuen, kasu honetan Romarekin (1-0koa), Francesco Totti aurrelaria eta ‘giallorossi’-en arima bezala. ‘Il capitano’-k, egun 37 urte dituela, oraindik ere Italiako hiribiruaren taldeko lerroetan dirau. Futbolean aritzeko erakutsitako bizitza-luzera horrez gain, gola egiteko duen gaitasuna ere aipatzekoa litzateke. Horrexegatik, Serie A-ren golegile historikoen zerrendan bigarren postuan dugu kokatuta, Gunnar Nordahl (225 gol) suediarraren aurretik baina Silvio Piolaren (274 gol) atzetik. Alboko atzelari brasildarra ez zen edonor izan ere. Gaurko egunerarte, bost aldiz Munduko Txapelketa irabazi duen selekzioan ez du inork bera bezain hainbeste partida jokatu, 142 aldiz 1990tik 2006ra bitartean. Lortu duen titulu kopurua ere azpimarratzekoa da, 25 orokorrean, hala nola, bi Munduko Txapelketa, Europako Kopa bat, bi Libertadores Kopa, bi Interkontinental eta kluben arteko Munduko Kopa bat. Cafúk, gainera, 2002an hiru aldiz jarraian Munduko Kopa jokatu duen lehendabiziko jokalaria bilakatu zen. Beste bi lagunartekoetan parte hartzera bueltatu zen Cafú San Mamesera, 2002an Romarekin berriro ere eta 2007an Milanekin.
Urtemugaren beste une gorena izan zen talde zurigorriak eskuraturiko Ligako txapeldunordetza. Horren eraginez, Luis Fernandez frantziarraren mutilek Champions Leaguen aritzeko txartela lortu zuten. Multzoen Fasean, lehoiek Juventus beldurgarria izan zuten aurrez aurre. Dena den, Marcelo Lippi entrenatzailearekin zegoen talde honek (Italiarekin, 2006an, Munduko Txapelketa lortu zuen teknikoa), ezin izan zuen Athletic mendean hartu, ez Bilbon (0-0) ez eta Turinen ere (1-1), kontuan izanda ere italiarren lerroetan makina bat punta-puntako jokalari ari zirela. Izar guztien artean aipagarriak honako hauek lirateke: Angelo Peruzzi atezaina, Edgar Davids, Angelo Di Livio, Zinedine Zidane eta Didier Deschamps erdilariak, azken hau euskal hiritarra, eta Alexander Del Piero eta Filippo Inzaghi aurrelariak. Galatasaray ere izan genuen aurkari txapelketa honetan, eta bere hamaikakoan Claudio Taffarelek, Brasilgo atezainaren elastikoarekin partida gehien egin dituenak, eta Gica Hagik (Real Madril eta FC Bartzelonako jokalari ohia) San Mamesenen berriro jokatzeko aukera izan zuten.
Aipatu dugun bezala, XXI. mendeko hasieran berriro etorri zitzaigun Capelloren Roma taldea. Cafú jokalaria ez ezik, Josep Guardiola eta Antonio Cassano ere aritu ziren, Ligan aski ezagunak izan zirenak, bai eta Julen Guerreron gola indargabetu zuen Gabriel Batistuta argentinarra ere (1-1). ‘Batigol’-ek selekzio zuri-urdinarekin golik gehien egin duena dugu orain arte, 56 gol guztira, hau da, batezbesteko 0,72 gol neurketa bakoitzeko. 2006ko maiatzean, euskal selekzioak 0-1koaz galdu zuen Katedralean Galesen kontrakoan. Beraien lerroetan Ryan Giggs zegoen, futbol mailan jokalari nabarmen horietarikoa. Futbolari beterano honek, azaroan 40 urte beteko dituenak, garaipenaren gola egin zuen. Egun, Manchester Uniteden dugu Giggs bigarren entrenatzaile eta jokalariaren lanak eginez, eta talde ingelesarekin partida gehien jokatu duena da. Sekula ere epaile batengandik kanporatua izan ez den Giggsek, 35 titulu ofizial eskuratu ditu, hortaz, mundu mailan errekorra du. Galestarren aulkian, Gareth Bale gaztetxoa ikusi ahal izan genuen. Bere burua prestatzen hasia zen, selekzio britainiarrarekin estreinaldia egiteko, sei bat egun beranduago Trinidad Tobagoren kontra jokatzekoa zelako. 16 urte eta 315 egun zituelarik, bere selekzioaren debuta egindako jokalaririk gazteena izan zen.
Dena den, 2007ko urriak arte itxaron behar izan genuen inoiz izan den atzelari onenetarikoa ikusi ahal izateko, hau da, Paolo Maldini. Handik bi urtera, 41 urterekin, futbola utzi zuen. Eskertzekoa da italiar futbolaren ikur honen imintzioa, zeren eta Europako txapelduna zen Carlo Ancelottik zuzentzen zuen Milan taldearen kontra jokatutako lagunartekoa bukatzerakoan, bere elastiko gorribeltza Athletic Club Museoari eman zion. Bazeuden ere milandar hamaikakoan Cafú eta Alessandro Nesta famatuak.
Gure zelaiaren bizi epea amaitzear zegoenean jokatzera etorri diren azken izarrak, Ligaz kanpokoak noski, talde zurigorriak 2011/12ko UEFA Europa Leaguen parte hartzeari esker izan zen. Alex Fergusonen Manchester Uniteden lerroetan berriro egin genuen topo Ryan Giggsekin (honek ere elastikoa eman zion gure Museoari), eta harekin batera Rio Ferdinand nazioarteko atzelaria, eta ‘deabru gorrien’ ospetsuena, Wayne Rooney aurrelaria, San Mamesen eta Old Trafforden gol bana egin zuena. Handik denbora eskasera, Raulek (elastikoa gure Klubari eman zion beste batek), momentu hartan Schalke 04 taldean zegoela, beste behin zapaldu ahal izan zuen Bilboko soropila final laurdenetan.Madrildarren beste jokalari ohia den Klaas-Jan Huntelaar aurrelari holandarra ere izan genuen aurrez aurre. Etorkizuneko izarren zain dugu orain egungo San Mames zelaia.
