undefined

Iñaki Williams: “Europarako txartela lortzeko ahalegina egingo dugu”

Iñaki Williams: “Europarako txartela lortzeko ahalegina egingo dugu”

Montilivin erdietsitako garaipenaren zapore gozoa dastatzeko astirik gabe, asteazkenean, Iñaki Williamsek esan duen moduan “gauza…

Montilivin erdietsitako garaipenaren zapore gozoa dastatzeko astirik gabe, asteazkenean, Iñaki Williamsek esan duen moduan “gauza asko jokoan izango dituen” Levante UD-ren aurka jokatuko dugun partida agertzen da zuri-gorrien hodeiertzean. Gaizka Garitanoren jokalarientzako jomuga gero eta argiagoa da, eta txapelketaren amaiera gertuago dagoen une honetan taldeari erritmoa biziagotzeko unea iritsi zaio. Oraingoan aurkari izango dugun taldeak mailari eutsi nahi dio, eta helburua ahalik eta azkarren lortzeko asmoarekin etorriko dira Bilbora. Bide batez, lehenengo itzulian Ciutat de Valentzia zelaian jokatutako partidan talde granatedunak arrisku haundiko taldea direla erakutsi ziguten. Edonola ere, abenduaren 3an jasotako 3-0-eko porrota lehoientzat pizgarri izango dela argi dute gureek:

“Talde honengan konfindantza osoa daukat. Zaila izango da baina helburua lortu arte dinamika berarekin jarraituko dugu. Talde honek direnak eta ez direnak pairatu ditu. Horregatik, orain, Europarako txartela lortzeko ahalegina egingo dugu”.

Azken bi jardunaldietan, Atletico eta Gironaren aurka, golerako bidea aurkitu ostean, aurkarien atea zulatzen jarraitu nahi du, bide batez, Athletic Clubi sailkapenean aurrera egiten laguntzeko. Aurrelariak atzera-begirada egin eta txapelketako une gaziak, erregulartasunik gabekoak, oroimenera ekarri ditu: “Orain gauzak ondo doaz eta golak egiten ditut. Aurrelariek boladak izaten ditugu eta golak lortzen ez ditugunean egoera garratza izaten da” aipatu du Williamsek. “Gol gehiago sartu nahiko nituzke noski, gehiago asmatu, baina lanaren poderioz egunetik egunera hobetzen saiatuko naiz” azpimarratu du aurrelariak. Bere etengabeko lanak fruituak ematen dituela ezin ukatu dezake inork: goi mailako futbolaria izatearen saria jasotzen ari da Iñaki, eta une honetan jarraian partidarik gehien jokatu dituen jokalaria da. Momentuz etenik gabe jokatu dituen 110 norgehiagoken kopuruak gorantza egingo duelakoan gaude. Taldekide eta teknikariek ematen dizkioten aholkuek ere eragina dute Iñakirengan, noski: “Gaizkak beti esfortzuak doitzeko eskatzen dit, partiden azken uneetan nire abiadurari etekina ateratzeko”. Asteazkenean, gehiago.