undefined

Mito bati agurra

Mito bati agurra

Gaur, maiatzak 3, Billy McNeill 2019ko One Club Man Award saridunaren omenez hileta egin da…

Gaur, maiatzak 3, Billy McNeill 2019ko One Club Man Award saridunaren omenez hileta egin da Glasgow-n. Goizeko 11:30ean hasi den Celtic FC-k antolatutako ekitaldia, non zaleek legendazko jokalari eskoziarrari egindako gorazarrea gainezka egon den, Billy McNeill-en kirolari zein pertsona modura izan duen garrantzi neurgabea islatzen du.

Azken agurra emateko bildu den jendetzaren ondorioz, eta St Aloysius elizan denontzako lekurik ez zegoenez, Celtic FC taldeko 5 zenbakidun mitikoari agur esateko taldeak berak pantaila erraldoien bidez eskaini ditu hileta-elizkizunak Celtic Park-eko harmailetan bildutako milaka zaleek zuzenean ekitaldia jarraitu zezaten. Futbol zelaian bildutakoak hileta-jarraigoaren zain egon dira 13:30ak aldera McNeill kapitain haundiaren zerraldoa iritsi arte.

Argi dago zale zuri-berdeentzat haundien artean haundiena izan den One Club Man saritu batek duen aintzatespena eta estimua, ezin dela inolaz alderatu talde garaile baten urrezko palmaresarekin. Gaur, Glasgow-n, Billy McNeill-i azken agurra egiteaz gain, zaleek beraien historiaren zati bati ere agur egin diote.

Athletic Clubek ere McNeill omenduko du, datorren maiatzaren 12an (igandea), One Club Man Award saria RC Celtaren aurkako partidaren atsedenaldian. Rest in peace, Cesar. You’ll never walk alone.