undefined

Patxi Salinas, Basconiaren entrenatzaile berria

Patxi Salinas, Basconiaren entrenatzaile berria

Patxi Salinasek Basconia zuzenduko du hurrengo bi denboraldietarako akordio batera iritsi ondoren, beste urtebeterako aukera duelarik.

Patxi Salinasek Basconia zuzenduko du hurrengo bi denboraldietarako akordio batera iritsi ondoren, beste urtebeterako aukera duelarik. Jon Moreno izango da bigarren entrenatzailea; Iban Urkiza, prestatzaile fisikoa; eta Armando Ribeiro, atezainen entrenatzailea.

Entrenatzaile modura, Salinas anai gazteena, Celtaren harrobian eman zituen lehen pausoak. Vigokoen gazte mailetan entrenatzaile eta koordinatzaile lanak utzi eta Porriño taldearekin fitxatu zuen, ondoren Gramanet taldearen zuzendaritza hartzeko. 2005/06 denboraldian Patxi Salinas Lezamara itzuli zen Gazte mailako Nazional taldea zuzendu eta Haurren taldean laguntzaile lanak egiteko.

Azken urteetan, besteak beste, Maltako lehenengo mailako Melita taldearen entrenatzaile izan da, eta Espainiar Estatuan, Bigarren B mailako CD Ourense, Sant Andreu, Rapido de Bouzas, Burgos CF eta CD Badajoz taldeak zuzendu ditu.

Patxi Salinasek, jokalari modura eskumendeko taldean denboraldi bat eta erdi eman ostean, 1982an Salamancaren aurka Javier Clementeren aginduetara egin zuen debuta Athletic Clubeko lehen taldean (Athletic Clubek 0-1 irabazi zuen) 19 urte betetzear zela. Elastiko zuri-gorria 293 partida ofizialetan eta 10 denboralditan zehar janzteaz gain lehoiekin bi Liga txapelketa, Kopa bat eta beste Superkopa bat irabazi zituen. 1992. urtean Bilbo utzi eta Vigo aldera jo zuen Celtarekin fitxatzeko, bertan 6 denborladitan zehar 200 neurketa jokatzeaz gain kapitain eta taldeko jokalari esanguratsuenetarikoa bihurtu zelarik.