undefined

One Club Awards

One Club Awards

Athletic Clubek, 2019. urte honetan, kirol ibilbide osoa talde berean egindako futbolariei ematen dien sari-banaketan aldaketa nabarmena egin zuen. Aurten, lehenengo aldiz, One Club Man saria banatzeaz gain One Club Woman saria ere sortu zen emakumezko futbolariak omentzeko.

Garaikur hau lehenengo aldiz jaso zuen emakumea Malin Mostrom suediarra izan zen. 12 urtez Umea taldearen elastikoa defendatzeaz gain Mostrom bere herrialdeko emakumezkoen futbolaren pertsonaia nabarmenena izan zen. Liga txapeldun 6 aldiz eta Kopa 4 aldiz jaso ostean, nazioarte mailan guztiz ezezaguna zen Umea talde apalarekin Txapeldunen Liga bi aldiz irabazi zuen, 2003 eta 2004. urteetan. Suediako elastikoa 113 aldiz jantzi zuen, eta Munduko zein Europako azpitxapelduna ere izan zen bere selekzioarekin.

Mostrom-ek One Club Woman saria, Athletic Clubak Alavesen aurka San Mamesen jokatutako neurketaren atsedenaldian jaso zuen. Malin eta bere bi alabak, Eli Ibarraren antzera bizkarrean amak erabiltzen zuen 6 zenbakia zuten elastiko zuri-gorriekin jantzita, soropilera irten ziren zaleen txalo zaparrada jasotzeko. Bilbon pasatako egunetan Malin eta senideek gure filosofiaren nondik norakoak ezagutzeko parada ezinhobea izan zuten, adibidez, gizonezkoen lehen taldearekin izandako solasaldian, Museoan Umeako elastikoa utzi zuen une hunkigarrian edo emakumezkoen taldea Malagaren aurka Lezaman ikusi zuen arratsaldean esate baterako.

Gizonezkoei ematen zaien saria aurten ez du inork ahaztuko. One Club Man saria Glasgow Celtic-eko kapitain eta klubaren historian elastikoa partida gehiagotan jantzi duen Billy McNeill izan zen. Zuri-berdez 822 partida, 18 denboralditan, jokatu zituen McNeill haundiak, baina gogoangarria benetan 1967. urtean Milango Inter taldeari Glasgow hiriko inguruetan soilik jaiotako jokalariekin irabazitako Europako Txapelketa.

Billy McNeill-en osasun arazoak medio, Jose Angel Iribar eta Aitor Bernardo batzarkideak Glasgow-ra joan ziren saria McNeill-en senitartekoei eta Celtic-eko ordezkariei emateko. Celtic Park-en egindako ekitaldiaren ostean Martin McNeill-ek, Billy-ren seme gazteenak, One Club Man Saria “Lisboako lehoiek” duten estatutaren alboan jaso zuen. Edonola ere patuaren indarra ezin da sahiestu eta saria jaso eta egun gutxira Billy McNeill-ek betirako agur esan zigun.

Celtic taldeak, jokalari ohiaren familiak eta Athletic Clubek McNeill-i agur esateko San Mamesen Celtaren aurka jokatutako partida aukeratu zuten. Susan, bere alaba, eta John Clark taldekideak Katedraleko soropilean jaso zuten One Club Man Award saria Jose Angel Iribar eta Aner Rodriguezen eskutik, Lezamako harrobiko jokalaririk gazteena alegia. Jokalari eskoziarraren ibilbidea laburbiltzen zuen bideoak eta “You´ll never walk alone” kantak urteetan ahaztuko ez den unea bizitzeko aukera eman zien San Mameseko harmailetan bildutako zale guztiei.