
Williams: “Sentsazio onekin heltzen gara”
Williams: “Sentsazio onekin heltzen gara”
Athleticeko aurrelariak Wanda Metropolitanon Atletico Madrilen aurka jokatuko den LaLigako partida aztertu du
Iñaki Williams hedabideen aurrean agertu da eta bere iritzia eman du LaLigako 10. jardunaldian talde koltxoneroari egingo dion bisitaren inguruan. Aurreko denboraldian zelai horretan izandako aurrekariaz galdetuta, Williamsek uste du pena handia izan zela “bi aldiz aurretik jarri ginelako eta taldea oso lehiakor aritu zelako; pena izan zen ia azken minutuan berdindu gintuztelako, eta horrek inpotentzia ematen dizu“.
“Atletico Madrilek plantilla bikaina dauka, eta urte askotatik dator gauzak oso ondo egiten. Guk garaipena landu behar dugu, eta irabaztera atera. Aukerak aprobetxatu beharko ditugu, gutxi emango digutelako, oso defentsa sendoa dute, baina gol egin diezaiekegu, min egin diezaiekegu. Gauzak ondo egiten baditugu irabaztetik oso gertu egongo gara, taldea ondo dago, sentsazio onekin iristen gara hara“.
Golarekin duen harreman bereziari dagokionez, Williamsen iritziz, “Gola eguneroko ogia da, aurrelariak goletik bizi gara. Baina futbola talde jokoa da, eta askotan saiatzen zara taldeari laguntzen, lanarekin, desmarkeekin, hausturekin, erdilariei babesa emanez“. Katedralean gola sartzean zer sentitzen den ere azaldu du: “Estadio handietan gol bat sartzen duzunean badirudi gehiago hitz egiten dela, baina ez dago San Mamesen gola sartzea baino gauza handiagorik, eta babesa eta bultzada ematen digun jendeari poza ematea baino”.
