undefined

“Animoz beteta gaude”

“Animoz beteta gaude”

Iruñean irabazi ostean, talde zuri-gorria “indarberrituta” dagoela adierazi du Ander Capak. Arreta Granada CF taldearen aurkako neurketara bideratzeko dei egin du, “emaitzen bolada onari jarraipena emateko”

Denboraldi honetan etxetik kanpo lortutako lehen garaipenaz galdetuta, taldearen egoera inbidiagarria dela adierazi du Portugaleteko atzelariak: “Oso gogotsu gaude. Denbora asko pasa dugu kanpoan irabazi gabe, eta hiru puntu horiek indarrez bete gaituzte. Garaipen horrek gorantz begira jarri gaitu animoz beteta gaude”.

Lehoiek lehen mailara igo berri den eta denboraldi hasiera bikaina egiten ari den Granada CF hartuko dute San Mamesen. Hala ere, talde zuri-gorria aurkariari aurre egiteko prest dagoela adierazi du Capak: “Talde ona dela erakusten ari da eta sailkapenean liderra izatera iritsi da. Igo berria da, baina oso boteretsua da aurrealdean, buruz min handia egiten dute. Ez dugu arretarik galdu behar, horrelako jokaldietan Granadak arrisku handia sor dezakeelako”.

Gol gutxien jaso duen defentsako kidea da Capa, eta azaldu duenez, Athleticek bizi duen une onaren adierazgarria da “zerbait ondo egiten ari garela” eta “partida guztietan taldea %100ean jokatzen” saiatzen dela. “Jokalari berak gara beti eta dakiguna egiten saiatzen gara: nahi dugun jokoa egiten eta zaleak pozik edukitzen, hori baita funtsezkoena”, adierazi du atzelariak.

Taldearen helburuei dagokienez, Capak iritzi dio denboraldi hasieran ezartzen den zerbait dela hori eta lehen itzulia amaitzean hobeto zehaztu ahal izango dutela zertarako lehiatu beharko diren. Helbururik behinena, baina, “San Mamesen jokatu eta hiru puntuak lortzea” dela azaldu du.