undefined

Garitano: “Merezita irabazi dugu”

Garitano: “Merezita irabazi dugu”

Entrenatzailearen poza Granadaren aurkako garaipenean: “Arintasuna falta izan zaigu, baina irmo ibili gara eta azkenean golak aurkitu ditugu”

Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak bere taldeak Granadaren aurka lortutako garaipena (2-0) baloratu du -hirugarrena jarraian liga txapelketan- San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan: “Bagenekien partida trabatua izango zela, baina denboraldian zehar era guztietako partidetara egokitu behar duzu. Arretaz ibiltzea berebizikoa zen, akatsik egin gabe jokatzea, eta azkenean golaren bidea aurkitu dugu. Egia da beste egun batzuetako arintasuna falta izan zaigula, baina Granadak ez digu aukera askorik sortu eta uste dut merezita irabazi dugula neurketa”.

Garitanok atea hutsean mantentzearen garrantzia nabarmendu du: “Ez da gauza erraza Lehen Mailan. Aste honetan lan handia egin dugu defentsan geldikako jokaldien inguruan, Granada baitzen ligan era honetan gol gehien sartu zuen taldea. Asko estimatzen dut jokalari guztien lana aukerarik sor ez diezaguten“. Halaber, entrenatzaile zuri-gorriak Yuri, Kodro edo Capa bezalako jokalariak azken hiru jardunaldietan golegileen zerrendan sartu izana azpimarratu du: “Funtsezkoa iruditzen zait eta balio handia ematen diot horri. Zerrenda honetara jokalari berriak batzea oso garrantzitsua da taldearentzat“.