undefined

Beñat: “Oso partida polita izango da”

Beñat: “Oso partida polita izango da”

Betiseko jokalari ohia Athleticen bolada onari eustearen garrantziaz aritu da, “nahiz eta aurkaria ere oso dinamika onean datorren”

Athleticen asteko bigarren lan saioa, igandeko (14:00, Benito Villamarin) Real Betisen aurkako neurketa prestatze aldera. Entrenamenduaren ondoren prentsa agerraldia egin du Beñat Etxebarriak Lezaman. Erdilari zuri-gorria gogotsu azaldu da, urriaren bukaeraldetik berdegunetik kanpo mantendu duen orkatilako lesioaz osatuta: “Hasieran mina sentitzen nuen, baina orain erritmoa hartzen ari naiz eta horretarako partidak jokatu behar dira. %100ean nago eta deialdian sartzeko lanean jarraituko dut”.

Igorrekoa bost denboraldiz ibili zen Betisen eta igandekoa norgehiagoka berezia izango dela aitortu du: “Asko gustatuko litzaidake igandeko partidan egon ahal izatea. Harreman estua dut hango jendearekin eta egiten dutena asko jarraitzen dut. Bi garaipen jarraian lortu dituzte, dinamika onarekin datoz eta talentu handiko jokalariak dituzte”. Betis bakarrik ez, Athletic ere bolada onean datorrela gogoratu du Etxebarriak: “Oso partida polita izango da, bi taldeak oso ondo ari baikara orain. Oso talde indartsua garela erakusten ari gara eta Sadarren aurrera pausua eman genuen. Bolada onari eutsi behar diogu. Denok ari gara defentsan lanean, aurrealdetik atzealdera arte. Lan hori emaitzetan ikusten da”.