undefined

Gabonetako “erronkaren” liderrak

Gabonetako “erronkaren” liderrak

Azken jardunaldian etxean galdu arren, Iraia Iturregik zuzentzen duen taldeak lider gisa agurtuko du 2019. urtea

Gabonetako etenaldia iritsi da harrobiko talde batzuentzat. Emakumezkoen taldeak denboraldiko lehen porrota jaso zuen Lezaman SD Eibarren aurka (0-2), baina emaitza horrek ez du eragotziko Iraia Iturregiren taldea Retro Iberdrola Norteko liderra izatea. 2019/2020 denboraldi honetarako sortutako kategoria berria bi multzotan banatzen da, Lehen Iberdrolako taldeen filial nagusiekin eta aurreko denboraldiko bi jaitsierekin: Albacete Fundazioak eta Malaga CF. Mantxegak dira, hain zuzen ere, Reto Iberdrola Sur multzoko lehen postuan daudenak.

Athletic Club B-k eta Albacete Fundazioak 30 eta 33 puntu dituzte, hurrenez hurren, nahiz eta 2019a sentsazio ezberdinekin amaitu duten. Izan ere, “Albak” 7-0 jipoitu zuen Tacuense  azken jardunaldian eta 10 garaipen lortu ditu, Iraia Iturregiren taldeak baino bat gehiago. Lehen hilabeteak oso positiboak izaten ari dira emakumezkoen bigarren taldearentzat. Entrenatzaile loiutarra, Athleticekin 400 partidatik gora jokatu zituena, lehen taldean debuta egitearekin amets egiten duten gazteen adibiderik onena da. Jokalari batzuek lortu dute dagoneko, Nerea Nevadok eta Amaiurrek esaterako, denboraldi honetan bertan. Aurrelari donostiarra Reto Iberdrola Norteko pitxitxia da 10 golekin. Oihane, Azkona eta Valdezate B taldearekin jokatzen hasi ziren denboraldi hasieran baina lehen taldera jauzia eman ahal izan dute eta Angel Villacamparen konfiantza dute orain.

Iraia Iturregik, entrenatzaile gisa debuta egin duten honetan, oso talde lehiakorra osatu du. Taldeko zenbait jokalarik ia dena jokatu dute lehen itzulian. Mariana Cerro eta Naroa Uriarte, denboraldi-aurrea lehen taldearekin egin zutenak, jokatutako hamalau jardunaldietan titular izan diren jokalari bakarrak dira: 1.000 minutu baino gehiago dagoeneko. Muga hori gainditu dute ere Nerea Nevadok, Ogizak eta Ane Elexpuru 16 urteko gazteak.

Athletic Clubeko filialak datorren urtarrilaren 4an ekingo dio berriro txapelketari, Parquesolen aurkako partidarekin.