
Williams: “Aukerak aprobetxatu ezkero, irabazteko aukerak izango ditugu”
Williams: “Aukerak aprobetxatu ezkero, irabazteko aukerak izango ditugu”
Aurrelari zurigorria ez da kikiltzen Bernabeura egin beharreko bisitaren aurrean: “Real Madril ondo dago baina beraiek estutzera joan behar dugu”
IMQ Zorrozaurren dauden gaixoei bisita egin ostean, eta bertan ‘Batas Rojiblancas’ ekimenari jarraipena eman ostean, Iñaki Williams hedabideen aurrean agertu da Athleticek igandean (21: 00etan, Santiago Bernabeun) Real Madrilen aurka jokatuko duen partida erakargarria aztertzeko.
Talde zuriaren egoera ona izan arren, Williams ez da beldurtu Real Madrilen aurkako norgehiagokaren aurrean: “Badakigu Madril dinamika onean dagoela; Klasikoan aukerak izan zituzten irabazteko. Baina gu ere ondo gaude, oso defentsa sendoa dugu eta ziur gure aukerak izango ditugula, haiek jokatzen uzten dutelako. Horiek aprobetxatuz gero Bernabeun emaitza on bat ateratzeko gertuago egongo gara. Ilusioa egiten dit han jokatzeak. Badakizu jende asko partida ikusten ariko dela mundu osoan eta gogoa daukat ordua iristeko eta urteko azken partida irabazteko. Geure buruari erreparatu behar diogu, haien bila joan eta euren zelaian estutu, aukerak izateko eta ondoren aprobetxatzeko “.
Bere debutaren bostgarren urteurrena dela eta, Williamsek bere bost denboraldiak baloratu ditu lehen taldean: “Denbora oso bizkor doa eta ez gara horretaz jabetzen. Ni amets bat bizitzen ari naiz duela bost urtetik. Iritsi nintzenean nire ilusiorik handiena lehen taldeko jokalaria izatea zen eta egunero betetzen ari naiz amets hori. 136 partida daramatzat jarraian eta hori eskertu egin behar zaie izan ditudan entrenatzaile guztiei. Horrela jarraitu nahi dut, eta LaLigako errekorra gainditzen saiatu”.
Kopako zozketari dagokionez, etxeko talde baten aurkako partidagatik ilusioa agertu du Williamsek: “Oso partida berezia izango da, euskal derbia, eta aurrera egitea espero dut. Taldekide ohiak ditut han, eta horregatik ere berezia da. Giro bikaina egongo da ziur eta asteburu polita izango da guztiontzat “.
