undefined

“Aparteko urte baten azken saria litzateke”

“Aparteko urte baten azken saria litzateke”

Gaizka Garitanok “anbizio eta ilusio handiko” Athletic nahi du bihar Bernabeun, ezustekoa eman eta 2019an bizitako urte aparta garaipen batekin ixteko

Arratsaldean Lezamako lan saioa egin eta deialdia jakinarazi baino lehen (18: 30ean), Gaizka Garitano hedabideen aurrean agertu da eguerdian, 2019ko Ligako azken partidaren atarian. Athleticek Real Madrilen aurka jokatuko du bihar  (21: 00etan) Santiago Bernabeun.

Zuri-gorrien entrenatzaileak konfiantza osoa agertu du bere taldearengan, nahiz eta aurkaria zaila dela aitortu. Real Madrilen aurkako garaipena emaitza bikainak izan dituen urte baterako azken saria izango litzatekeela dio Garitanok: “Ilusio handiarekin goaz. Urte oso ona izan da guretzat, eta zer hobe hura amaitzeko Bernabeun irabaztea baino. Aparteko urte baterako saria litzateke. Lehiatzeko anbizioarekin eta ezustekoa emateko ilusioarekin goaz hara”.

Biharko aurkariari buruz ere aritu da entrenatzaile zuri-gorria: “Munduko talderik onenetarikoa du eta denboraldiko unerik onenean daudela uste dut. Dituzten ahulgune apurrak gainditu eta gure bertuteak aprobetxatzea, hortxe dago gakoa”. Real Madrilek bere jokoaren zenbait alderdi aldatu dituela dio Garitanok: “Orain gorago egiten dute presioa eta arrisku handiagoa hartzen dute baloiarekin irtetzerakoan. Erabiltzen duten eraso sistemak utz ditzaketen hutsuneak aprobetxatu behar ditugu, eta gure aukerak baliatzen saiatu. Iaz ez genuen egin, eta haiek bai. Zaila da Bernabeun atea hutsean mantentzea, eta, beraz, golik sartu gabe han etekinik ateratzea oso zaila da”.