“Lan ona egin dugu talde lanean”
Gaizka Garitanok positiboki baloratu du Santiago Bernabeun lortutako puntua, “aurpegia eman” eta “partida erasora amaitu” ostean
Athletic Clubek Real Madrilen aurka LaLiga Santanderreko 18. jardunaldian eta 2019ko azken jardunaldian lortutako 0-0 berdinketaren ostean, Gaizka Garitano hedabideen aurrean agertu da Santiago Bernabeuko prentsa aretoan. “Lehenengo zatian baloi asko galdu ditugu baina bigarrena gehiago gustatu zait: gutxiago sufritu dugu eta hobeto kokatuta egon gara; sentsazio onekin amaitu dugu partida. Taldeak lan ona egin du talde lanean, oso osorik eta goian estutuz. Hemendik puntu bat eraman eta atea hutsean uztea ez da erraza, zorte pixka bat behar duzu (kontra jasotako hiru zutoinengatik). Athleticek aurpegia eman du eta partida erasora begira bukatu du“, azpimarratu du zuri-gorrien entrenatzaileak partidaren balantze gisa.
Gaur bost atzelarirekin jokatzera eraman duen sistema aldaketaz galdetuta, Garitanok zera aitortu du: “Jende altua eta indartsua sartu dut, partida honetan ondo ibiliko zirelakoan: baloi geldietan altuera irabazten genuen eta zelai erdian sendotasuna. beldur handiagoa genion baloi geldietako jokaldiei eta haien kontraerasoei“. Planteamendu hori errepikatzeko aukeraren inguruan, “plan desberdin bat edukitzea noizean behin ondo dago baina gauza batzuk ez zaizkit gustatu kasu jakin batzuetan“, gaineratu du.
“Orainetik bizi gara, taldea asko hobetu da duela urtebetekoarekin alderatuta baina hazten jarraitu behar dugu. Anbizio handia dugu eta gehiago nahi dugu“, ondorioztatu du Derioko entrenatzaileak.

