
2019ko debutak Athletic Cluben
2019ko debutak Athletic Cluben
Urte natural honetan zazpi debut egin dira gure lehen taldeen partida ofizialetan
Oihane Hernandez. Kenan Kodro. Oihane Valdezate. Oihan Sancet. Gaizka Larrazabal. Andrea de la Nava. Eta Amaiur Sarriegi. 2019ak hainbat debut utzi ditu Athletic Cluben lehen taldeetan. Jarraian, gure protagonisten oroimenean betiko geratuko diren zazpi une horien errepasoa egin dugu.
Errege Egunaren bezperan, Oihane Hernandezek debuta egin zuen Majadahondako Cerro del Espinon; zuri-gorriek 3-0 galdu zuten Atletico Madrilen aurka, eta 58. minutuan atera zen Andrea Sierraren ordez.
Athletic Clubek FC Kopenhagetik neguko merkatuan fitxatu ondoren, Kenan Kodrok otsailaren 10ean egin zuen lehen aldiz San Mameseko zelaira salto, golik gabeko berdinketan, FC Bartzelonaren aurka, 2018-19ko LaLiga Santanderreko 23. jardunaldian. 89. minutuan irten zen berdegunera, Iñaki Williams ordezkatuta.
Athleticen kamiseta txapelketako partida batean lehen aldiz jantzi zuten zazpi futbolarietatik hirugarrena Oihane Valdezate izan zen, apirilaren 13an Albaceten jokatutako Lehen Iberdrolako 27. jardunaldian. Jone Ibañez ordezkatu zuen 83. minutuan eta zuri-gorriek 0-1 irabazi zuten Nerea Nevadoren golarik esker.
Aurtengo denboraldian, abuztuaren 16an, Oihan Sancetek Oscar de Marcosen lekua hartu zuen FC Bartzelonaren aurkako garaipenean. Lehoiak 1-0 nagusitu ziren Barçaren aurka LaLigako lehen jardunaldian. Sancet 65. minutuan irten zen berdegunera eta une hori albiste honen argazkian ikus daiteke.
Abuztuan ere, hilaren 24an, LaLiga Santanderreko 2. jardunaldian, Gaizka Larrazabalek debuta egin zuen Getafen jokatutako neurketako atsedenaldiaren ondoren. De Marcosen tokia hartu zuen Larrazabalek ere, eta partida banakoarekin bukatu zen.
Andrea de la Nava atezaina titularra izan zen irailaren 8an Buñol Hirian jokatu zen Primera Iberdrolako lehen jardunaldian; Athletic Clubek 2-0 galdu zuen Levante UD taldearen aurka.
Norgehiagoka ofizial batean Athleticen armarria lehen aldiz erakutsi zuen azken jokalaria Amaiur Sarriegi izan zen, urriaren 19an Real Betisen aurka, eta zuri-gorriek 2-1 irabazi zuten Lezaman, Ane Azkonak lehenengo eta Garazi Muruak penaltiz ondoren sartutako golei esker; Azkona berak berdegunea utzi eta Amaiurrek ordezkatu zuen 87. minutuan.
