undefined

San Mames gotorlekua izan da 2019an

San Mames gotorlekua izan da 2019an

Athletic Clubek Ligako zenbaki txalogarriak lortu ditu aurten San Mamesen

2019a urte baikaina izan da Athleticentzat, San Mamesen jokatutako partidetan lortutako emaitzak oso positiboak izan baitira. Urte honetan jokatutako 19 partidetatik bakarrik irailaren 28an Valentziaren aurka jokatutakoan (0-1) ez dute punturik lortu zuri-gorriek. 13 garaipen (% 68.42), 5 berdinketa (% 26.32) eta porrot bakarrarekin (% 5.26), etxean talde fidagarrienen zerrendan sartzea lortu du Athleticek, jokoan egondako 57 puntuetatik 44 lortu baititu.

Marka horiek 2019ko bi denboraldietan banatu ez gero, 2018/2019 denboraldiari dagozkion 10 neurketetan, taldeak 7 garaipen eta 3 berdinketa lortu zituen, jokoan zeuden 30 puntuetatik 24 eskuratuz. 2019/2020 denboraldiko 9 norgehiagokei dagokienez, lehoiek 6 garaipen, 2 berdinketa eta porrot 1 lortu dituzte, jokoan zeuden 27 puntuetatik 20 lortzeko.

San Mamesen lortutako 44 puntuei esker, Athletic bigarren jarri da LaLiga Santanderreko etxeko sailkapenean, Camp Noun 53 puntu lortu dituen FC Bartzelonaren atzetik. Atletico Madril hirugarren da sailkapen jakin honetan, Wanda Metropolitanon 43 puntu lortu baititu eta Real Madril laugarren postuan dago, Santiago Bernabeun poltsikoratutako 42 puntuei esker.

Zenbakiak ez dira kirol arloan onak izan bakarrik, 2019an zehar etxean jokatutako 19 partidetara 779.267 ikusle joan dira guztira. Ia 800.000 zale zuri-gorri joan dira aurten Katedralera lehoiak animatzera, hau da, batez beste 41.014 zale partidako. 12 hilabete hauetan ikusle kopururik handiena izan duen partida Athletic Clubek eta FC Bartzelonak denboraldi honetako LaLiga Santanderreko lehen jardunaldian jokatu zutena izan da. Partida horretan, 47.693 ikuslek, Aritz Adurizen gol ezinhobeari esker, garaipen ahaztezin batez gozatu zuten (1-0). 2018/19 denboraldian jokatutako norgehiagoka bera izan zen asistentzia handiena izan zuena; 23. jardunaldian izan zen eta 47.557 pertsona bildu ziren San Mamesen.