undefined

“Errespetuz beti, baina gure betebeharra aurrera egitea da”

“Errespetuz beti, baina gure betebeharra aurrera egitea da”

Gaizka Garitano zuhur agertu da Kopako formatuarekin: “Partida bakarrera beti egon daitezke ezustekoak; gu nagusi gara eta irabaztera goaz Sestaora”

Gaizka Garitanok hedabideen aurrean hitz egin du gaur arratsaldean, Athleticek Sestao River Club taldearen aurka Las Llanasen jokatuko duen (19: 00etan) Kopako bigarren partidaren aurreko azken entrenamendua egin aurretik. “Partida bakarrera jokatzeak etxeko taldeek ezustekoa emateko aukera ematen du. Lehen kanporaketan ikusi genuen: Bigarren Mailako talde asko kanpoan geratu ziren, Alaves ere bai, eta Lehen Mailako beste hainbeste taldek sufritu egin behar izan zuten pasatzeko. Zuhurrak izan behar dugu, eta errespetu handienarekin jokatu Sestao Riverren aurka. Talde hobea gara eta gure betebeharra pasatzea da”.

Biharko aurkariari buruz, Garitanok horrela aztertu du Sestao River: “Denboraldi bikaina egiten ari dira, Hirugarren Mailako multzoko buru, Portugaleterekin batera. Jokoaren ekimena eramatea gustatzen zaie, nahiz eta maila handiagoko aurkari baten aurka aritzean, kontraerasoan jokatuko duten ziurrenik. Gauzak zail jarriko dizkigute, baina gure eginbeharra irabaztea eta aurrera egitea da”. Las Llanaseko berdegunearen egoeraz galdetuta,hauxe erantzun du zuri-gorrien entrenatzaileak: “Zelaia gaizki dagoenean, bientzat dago gaizki. Kopan jarraitu nahi baduzu egoera guztietara egokitu behar duzu. Lehiaketa honetako gauza politenetarikoa hori da”.

Garitanok “partida bikaina” espero du zaleentzat. “Txikitan denbora asko eman dut hor aitarekin, eta pozten naiz itzultzeaz. Haiek Sestao animatuko dute, eta gu kanporaketa pasatzen saiatuko gara”. Biharko partidarako deialdiari buruz, Derioko entrenatzaileak aurreratu du: “Jokalariren bat ukituta dago. Datozen orduetan nola dauden ikusi arte itxarongo dugu, eta, beraz, bihar emango dugu deialdiaren berri”.