undefined

Garitano: “Espanyolek irabazteko premia dauka, baita guk ere”

Garitano: “Espanyolek irabazteko premia dauka, baita guk ere”

Etxetik kanpo hiru puntuak berriro lortzeko itxaropentsu dago Athleticeko entrenatzailea, berpizteko bidean den talde baten aurka

Kopako partida dela eta, Elx-etik itzuli eta egun eta erdira, Athletic Bartzelonara joango da gaur arratsaldean, eta bertan RCD Espanyolen aurka jokatuko du bihar (13: 00etan) LaLigako 21. jardunaldiko partida. Talde zurigorria Lezaman aritu da gaur eguerdian eta Gaizka Garitanok 19 jokalariz osotutako deialdia eskaini du hedabideen aurrean agertu baino lehen.

Entrenatzaileak ez du baloraziorik egin nahi izan kopako final-zortzirenetako zozketaren inguruan, “Espanyolen aurkako partidan bakarrik daukagu burua, guretzat berebiziko garrantzia du”, eta asteazkenean Elx-en egindako ahaleginaren ostean bere jokalariak berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du: “Geratzen zaizkigun ordu gutxi hauetan taldea berreskuratzen saiatu behar dugu, eta era berean, partida prestatu bideoaren eta taktikaren bidez”.

Garitanok horrela aztertu du Cornellan Athleticen zain dagoen aurkaria: “Arriskutsuak dira, eta are gehiago egin dituzten fitxaketak ikusita;  diru asko inbertitu dute, iaz Europarako sailkatu zen talde baten maila handitzeko. Abelardorekin oso talde txukuna osatu dute, 4-4-2 erabiltzen dute eta zaila da eurei aurre egitea. Fisikoak dira, baina Melendo edo Darderren kalitatea ere badute eta orain Raul de Tomasek golak emango dizkie”.

Entrenatzaile zurigorriarentzat, “aurkariak are zailagoak dira beharrizanekin iristen direnean, baina guretzat, Espanyolentzat bezala, irabaztea premiazkoa da, hiru puntuak berriro lortu nahi ditugulako etxetik kanpo. Talde askok irabazten ez duten Betisen, Madrilen edo Sevillaren zelaietan jokatzea egokitu zaigun arren, ez dugu etxetik kanpo irabazten Osasunaren aurkako partidatik, eta premia hori daukagu”.