
Garitano: “Bihar lan saioa dago; burua altxatu behar dugu”
Garitano: “Bihar lan saioa dago; burua altxatu behar dugu”
Athleticeko entrenatzaileak Mendizorrotzako “emaitza krudela” deitoratu du, bai eta jaso dituzten gol “saihesgarriak” ere
Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak agerraldia egin du Mendizorrotzako prentsa aretoan, bere taldeak Alavesen aurka 2-1 gol galdu eta gero, Rodrigo Elyk 91. minutuan egindako golaren ostean. “Oso porrot krudela izan da: ez dugu inolako estuasunik igaro, partidak berdinketan bukatu behar zuen baina dinamika horretan zaudenean, luzapeneko alboko falta batean gola jaso dezakezu. Hori gertatu zaigu”.
Aurkariaren zelaian jokatutako lehen zatiari buruz, “aukerak izan ditugu eta oso gutxi sufritu dugu”, adierazi du Garitanok. “Bi golak saihesgarriak izan dira: lehenengoa kontraerasora eta bigarrena geldikako jokaldi batean. Alavesen bi arma nagusiak dira horiek”. Athleticen aldeko bederatzi kornerrak ere nabarmendu ditu entrenatzaileak, “baina babazorroek ondo defendatu dituzte”.
Jokalarien egoera fisikoaz galdetuta, Garitanok aitortu du “azken 20-25 minutuetan behera egin dugula, baina sentsazioa beti da nekatuago zaudela galtzen duzunean. Bihar lan saioa dugu, burua altxatu beharra daukagu”.
