undefined

“Garaipena eskaini nahi diogu gure zalegoari”

“Garaipena eskaini nahi diogu gure zalegoari”

“Etxean jokatzen dugula baliatu behar dugu, eta azken partidetan ematen ari garen maila eman, ahalik eta jende gehien gure taldera lotzeko”, adierazi du Ainhoa Tirapuk

Ainhoa Tirapuk agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan, bihar Athletic Clubek CD Taconen aurka jokatuko duen partidaren aurreko azken lan saioan parte hartu aurretik. Erreginaren Kopako final-laurdenetako kanporaketa da eta partida bakarrera jokatuko da San Mamesen, 19:00etatik aurrera. Kapitainak argi utzi du ilusio handiko lehia dela: “Kopa beti izan da gure helburuetako bat, ilusioa sortzen digu eta titulu bat irabazteko aukera ematen digu. Lehia polita da, eta finalera iritsi nahi dugu. Ez gara zimurtuko, ez eguraldiagatik, ez partida aste artekoa delako. Zaleak taldearekin daude, eta ziur nago gu animatzera etorriko direla eta kanporaketa pasatzen lagunduko digutela”.

Taldea denboraldiko unerik onenetako batean dago, eta lau jardunaldi daramatza ligan galdu gabe: “Liga eta Kopa arteko lau garaipeneko bolada batetik gatoz, oso bolada positiboa da. Sendotasun handia erakutsi dugu azken partidetan, eta baloiarekin gero eta erritmo handiagoa dugu. Une handi batean gaude “, esan du atezainak.

Iaz ere San Mamesen jokatu zuten final-laurdenetako kanporaketa zuri-gorriek. Orduan lehoiek 0-2 galdu zuten Atletico Madrilen aurka. Tirapuk argi du aurten kanporaketa gainditzeko txanda dela: “Guk iazko kontua aldatu nahi dugu, eta gure zaleei poz bat eman. Etxean jokatzen dugula aprobetxatu behar dugu, eta azken partidetan ematen ari garen maila eman, ahalik eta jende gehien gure taldera lotzeko, eta noski, irabazteko. Kanporaketa gainditu behar dugu, eta Kopako ilusioarekin jarraitu. Egia da San Mamesen, estatistikari dagokionez, ez garela oso ondo aritu, baina jokatu ditugun partida guztiak erabakigarriak izan dira, goi mailako aurkarien aurkakoak. Ez daukat zalantzarik, San Mamesek lagundu eta bultzatu egiten gaitu”.