undefined

Tacon madrildarra San Mamesen

Tacon madrildarra San Mamesen

Lehoien aurkaria Real Madrilen egituran sartuta dago dagoeneko, baina denboraldi honetan bere nortasun ezaugarriei eutsiko die

Bihar, asteazkena (19.00etan), partida erabakigarria jokatuko da San Mamesen. CD Tacón Bilbora iritsiko da Athletic Cluben aurka Erreginaren Kopako finalerdietarako txartela eskuratzeko asmoz. Bi taldeak ilusio handiz helduko dira emakumezkoen futbolak merezi duen babes eta ikusgarritasunaren mailan eredu den zelaira. CD Taconek joan den maiatzean lortu zuen elitera igotzea, Deportivo Abancarekin batera. Real Madrilek Tacon taldea bereganatuko du datorren denboralditik aurrera. Ordura arte, Madrilgo taldeak bere nortasun ezaugarriei eutsiko die (armarria, ekipazioa…), baina Real Madril Kirol Hirian entrenatzen du jada, Valdebebasen, eta Alfredo Di Stefano zelaian jokatzen ditu ligako partidak.

Taldea 2014an sortu zen, Ana Rossellen eskutik. Duela bi urte David Aznar bihurtu zen taldeko entrenatzaile eta galdu gabe iritsi ziren lehen mailako igoerarako playoffetara. Igoera promozioa Zaragoza CFF eta Santa Teresa Badajozen aurka irabazi zuten. Talde horretatik 12 jokalarik jarraitzen dute egun, baina Taconek fitxa mugitu zuen udaran eta izen handiko jokalariak ditu orain. Besteak beste, 2019ko Frantziako Mundialeko Kosovare Asllani eta Sofia Jakobsson suediarrak, Daiane brasildarra eta Aurelié Kaci “Bleu” frantziarra.

Bi taldeen arteko azken eta norgehiagoka bakarra abuztuan jokatu zen, Ramon de Carranza Trofeoan, eta zuri-gorriek 0-1 irabazi zuten. Primera Iberdrolan ez zen 9. jardunaldian Lezaman aurreikusitako partida jokatu, emakumezkoen futboleko greba dela eta. Tradizioak agintzen duen bezala, Taconek lore eskaintza egingo dio pichichi bustoari, klubak San Mames bisitatzen duen lehen aldia baita.