undefined

“Granadakoa edozein futbolarik jokatu nahi duen partida da”

“Granadakoa edozein futbolarik jokatu nahi duen partida da”

Muniain poztu egiten da Athletic “indartuta” iristen delako “Vila-real bezalako talde handi bati irabazi ostean”

Iker Muniain Athletic Clubeko aurrelariak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian Lezaman, Errege Kopako finalerdietako itzulerako partida prestatzeko entrenamendua egin ostean, Granada CF taldearen aurka (osteguna, 21:00etan). Ligan irabazi gabe zeuden hamar jardunaldiko bolada hautsi ostean, “Oso ondo ari gara, indarberrituta, Vila-real bezalako talde handi bati irabazi ondoren” adierazi du.

“Granada talde indartsua dira, gure aurretik doaz Ligan, oso partida parekatua izango da; partida luze joan daiten saiatuko dira. Badakite kontrako gol batek min handia egin diezaiekeela eta bukaerara bizirik iritsi nahiko dute, baina hasieratik min egiten saiatuko dira“. Beste arlo batzuei buruz ere mintzatu da Muniain, bi taldeen eskarmentuaz: “Garrantzitsua da horrelako egoerak bizi izana, hemen pisu handiko kanporaketak jokatu dituzten jokalariak baitaude. Haien zaleek estutu egingo dute baina futbolari guztiek jokatu nahi dituzten partidak dira, final bat balitz bezala aurre egin behar zaie“.

“Bi kanporaketa oso kontra jarri zaizkigu, eta taldeak bihotzez eta fedez, sinistu egin du amaierara arte” esan du Athletic Clubeko jokalariak txapelketa honetako ibilbidea aipatzean. Mezua ere bota die zaletuei: “Beti eskertu behar zaie gure alde egiten duten ahalegina. Sinets dezatela eskatzen diet, zertan sinetsi badutelako, horretarako arrazoiak eman dituen taldea da, ea gau handia den ostegunekoa“.