undefined

Garazi, penaltietan maisu

Garazi, penaltietan maisu

Zuri-gorriek ez dute hutsik egin bost penaltietan -lau, denboraldi honetan-

“Ez dut uste penaltiak zorte kontua direnik”. Garazi Muruak, penaltiak jaurtitzerako orduan eragiten duten faktoreez galdetzen dio bere buruari. “Dena bezala, entrenatu daitekeen zerbait da”. Atzelari zuri-gorria,Athleticeko espezialistetako bat da eta aurton lau gol sartu ditu hamaika metroetatik. Horietako hiru Erreginaren Kopan izan ziren (bat, UDG Teneriferen aurka, eta beste biak CD Taconen aurka, San Mamesen). Laugarrena, Primera Iberdrolan, Lezaman, Real Betisen aurkako norgehiagokan.

Garazik bere gain hartu zuen erantzunkizun  hori joan den denboraldian, Betisen aurka gola lortuz hamaika metroetatik Kopako final-zortzirenetan. Ardura hori bere gain hartzea gustatzen zaiola aitortu du getxoztarrak, eta “sekretutxoa” duela aitortu du, epaileak txistua jotzen duenetik bere denbora hartuz. “Ahalik eta lasaien egoten saiatzen naiz” dio Garazik, nahiz eta itxaronaldi horiek denbora luzeegia diruditen.

Sartutako bost penaltiez gain, atzelari zuri-gorriak, buruz ere gola sartu zuen 2016-2017 denboraldian. Joan den igandean RCD Espanyolen aurka, Lehen Mailan debuta egin zuenetik bost urte bete ziren. Orain, Logroñon jokatuko den Erreginaren Kopako finalerdia baino ez du buruan.