undefined

Garitano: “Jendearen osasuna da garrantzitsuena”

Garitano: “Jendearen osasuna da garrantzitsuena”

“Aldagela barruan inork ez zuen ikusten San Mamesen jokatu ahal izatea gure zalerik gabe. Athletic jendearena da, imajinaezina da haiek hor ez egotea”, esan du entrenatzaileak

Athletic Clubek gaur goizean Lezaman ateak itxita egin duen entrenamenduaren aurretik klubari egindako adierazpenetan, Gaizka Garitanok COVID-19ak taldearen plangintzan sortzen duen ziurgabetasunari buruz hitz egin du: “Egoera berria da, eta gizarteak orain eskatzen digunera egokitu behar dugu. Jendearen osasuna da garrantzitsuena. Espero dezagun laster gure bizitzak berrabiarazteko moduan egotea, ez bakarrik kirolean, baita gainerako lanetan ere”.

Txapelketaren etenaldiaz jabetuta, “egunerokoarekin ahalik eta ondoen bizitzearen” aldeko apustua egin du zuri-gorrien entrenatzaileak, “baina beti ere jokalariak ahalik eta ondoen egon behar direnaz jabetutam berriro lehiatu behar denerako”.

Europako hainbat zelaietan egunotan ateak itxita jokatzen ari diren partiden inguruan, Garitanok zera esan du: “Aldagela barruan inork ez zuen ikusten gure zalerik gabe San Mamesen jokatu ahal izatea. Athletic jendearena da, eta imajinaezina da gure jendea hor ez egotea. Gauza bera Kopako finalarekin”.