undefined

Thinking Football-eko bitxiak (III): “The class of ‘92”

Thinking Football-eko bitxiak (III): “The class of ‘92”

Historia osoko futbol dokumental ikusienetako bat da. Manchester United taldeko belaunaldi ospetsuenaren ingurukoa

Benjamin Turnerrek “Historia de Laurie Cunningham” dokumentala aurkeztu zuen Thinking Football jaialdian, eta 2013an, bere anaia Gaberekin batera, Manchester United taldeko belaunaldi ospetsuenaren inguruko dokumental arrakastatsu hau zuzendu zuen. Belaunaldi hark 1999ko Europako Kopa irabazi zuen Municheko Bayern taldearen aurka, igoera ahaztezin baten ostean. Ingalaterrako klub horren behe mailetan prestatutako sei jokalari izan ziren, gaur gomendatzen dugun filmeko protagonistak: Ryan Giggs, Nicky Butt, David Beckham, Gary Neville, Phil Neville eta Paul Scholes. Bitxia bada ere, Champions ligako garaipen historiko hartatik 13 urtera, seikote horretako lehenak eta azkenak, Giggs eta Scholesek, Manchester United taldean jokatzen jarraitzen zuten, eta Athletic Clubek kanporatu zituen 2012ko kanporaketa historikoan.

Trailer

1992tik aurrerako zazpi urteko denbora tarteari buruzko filma da; urte hartan, taldeko bostek FA Youth Cup txapelketa irabazi zuten elkarrekin. Futbolari protagonisten lekukotzez gain, beste pertsonaia batzuei egindako elkarrizketak jaso dira dokumentalean, garai hartako Ingalaterrako jatorri umileko belaunaldi hura hobeto ezagutzeko: Erresuma Batuko presidente ohia, Tony Blair; United taldeko zalea eta zinemagilea, Danny Boyle; Stone Roses eta Primal Scream taldeetako baxu-jotzailea, Gary “Mani” Mounfield; eta futbolaren munduarekin harremana izan duten beste pertsona batzuk, hala nola Zinedine Zidane, Eric Cantona eta Eric Harrison. Filma Thinking Football zinemaldian aurkezteko, Manchester United talde hartako jokalari ohi bat izan zen gurekin, David May.

Filma eskura duzue