undefined

Athletic eta Real, finalagatik batuta

Athletic eta Real, finalagatik batuta

Egungo egoeraren aurrean, eta Kopako finala aurreikusita zegoen egun berean, bi taldeetako futbolariek animoz beteriko bideo bat egin dute

2019-20ko Kopako finala aurreikusita zegoen egunean, Athletic Clubeko eta Realeko jokalariek bat egin dute bideo batean. Bideo horretan, gizarte osoa koronabirusaren aurka egiteko jokatzen ari garen benetako finalean elkarrekin aritzearen garrantzia azpimarratu dute. Bi taldeetako futbolariek etorkizunean “final handiaz” gozatzeko deia egin diete zaleei, “denon artean pandemia gainditu dugunaren seinale”.

Bideoan, gainera, birusaren aurka lehen lerroan lanean ari diren langile guztien lana eskertu dute bi taldeek. Iker Muniain, Aritz Elustondo, Aritz Aduriz, Willian José, Iñaki Williams eta Asier Illarramendi dira bideoan berbaz agertzen direnak:

“100 edizio baino gehiagoren ostean, Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute lehenengo aldiz final batean. Euskal Finala esaten diote. Partida historikoa izango da. Oso lehiakorra baina baita zaleen arteko alaitasunez eta batasunaz betetakoa ere. Eta, heltzerakoan, final handia izango da. Lehenik eta behin, pandemia honen unerik txarrenak gainditu ditugula esan nahiko duelako, bigarrenik, denon artean lortuko dugulako eta, batez ere, eskerrik asko birusaren aurkako burruka honetan lehen lerroan borrokatzen ari zaretenoi. Berdin da zein kolore defendatzen duzun, final hau guztiona da eta denon artean irabaziko dugu”