undefined

Vanesa Gimbert: “Klub honetan erretiratuko naiz”

Vanesa Gimbert: “Klub honetan erretiratuko naiz”

Atzelari zurigorriak #Etxetik erantzun die komunikabide eta zaleen galderei, 40. urtebetetzearen egunean

“Ez dut beste aldaketarik nahi”, dio Vanesa Gimbertek bere etorkizunaz galdetuta. Athleticeko defentsak 40 urte bete ditu gaur, eta egun berezi honetan, komunikabideek eta zaleek Klubeko sare sozialen bidez helarazi dizkioten galderei erantzun die.

Gimbertek argi dauka kamiseta zuri-gorria izango dela futbolari profesional gisa defendatuko duen azkena. “Zazpi urte dira hemen. Iñigo Juaristik denbora asko zeraman nire atzetik Athleticera etor nedin, eta azkenean (2013) baiezkoa eman nion. Ez dakit lehenago etorri behar nuen ala ez, baina oso pozik nago erabaki hori egun hartan hartu nuelako, eta hementxe utziko dut. Argi dago”, esan du Bergarakoak.

Botak noiz zintzilikatuko dituen, ordea, ez du argi: “Nire burua indartsu ikusten dut, baina gerta daitekeena ondo ikusi eta baloratu beharko dugu. Asko exijitzen diot neure buruari, eta ez zait gustatzen egoteagatik egotea. Aurrera jarraitzen badut, neure burua beste denboraldi batez eusteko eta maila ona emateko moduan ikusten dudalako izango da. Ez dut egoteagatik egon nahi “, gaineratu du.

21 urte dira berdegunean, eta Gimbertek benetako eraldaketa bizi izan du emakumezkoen futbolean: “Beste talde batzuekin jokatu izan dudan guztietan Athleticen aurkako partida noiz iritsiko ziren irrikitan nengoen, aurkari zaila zela bagenekien arren, Lezamako instalazioetan jokatzea luxua iruditzen zait”, gogoratu du zazpi denboraldi lehoi gisa egin dituen erdiko atzelariak.

Egun adina bikoizten dien jokalariekin elkabizi da Gimbert, eta erreferentea da taldean: “Lezaman sartzen diren haurrei gozatzeko esango nieke, eta hemen ditugun entrenatzaile eta profesional guztiei buruz ahal duten guztia xurgatzen jakin dezatela”. Zurigorriarentzat, Athletic hiru hitzetan “pribilegioa, harrotasuna eta erantzukizuna” da.

Prentsaurreko birtualean, Vanesak ondo adierazten du futbolean pilatutako eskarmentua, eta sukaldaritzako aholkuren batekin ere ausartu da.