undefined

Vanesa Gimbert, Primera Iberdrolako zaharrena

Vanesa Gimbert, Primera Iberdrolako zaharrena

Vanesa Gimbert jardunean egon eta 40 urteetara heldu den lehen lehoia bihurtu da gaur

Vanesa Gimbertek (80-04-19) 40 urte egin berri ditu. Bergarako atzelaria da adin horrekin egungo Primera Iberdrolako jokalari bakarra. Alicia Fuentesek iaz 40 urte bete zituen eta gaur egun Reto Iberdrolan jarraitzen du. Fuentesek eta Gimbertek, beste talde batzuen artean, Espainako selekzioan jokatu zuten elkarrekin, lehenengoz Eurokopa jokatu zutenean 1997an. Ordutik hona, Vanesak gora egin du, emakumezkoen futbolak bezela. Gipuzkoarrak lehen pertsonan bizi izan du futbolaren aldaketa, gaur egun ezagutzen dugun afizionatu mailatik profesionaleraino. Ordu asko, kilometro asko, garaipenak, porrotak, 12 titulu eta esperientzia handia izan dira Gimbertek jokatutako 21 denboralditan zehar.

Palmares ikaragarria

Kordobara joan aurretik, VanesakBergaran, jaioterrian, eman zizkion lehen ostikoak baloiari. Familia Andaluziara joan zen bizitzera, eta 14 urterekin Montillan hasi zen jokatzen. Handik Levanterako jauzia eman ahal izan zuen, garai hartako talderik indartsuenetariko batera. Horren adibide, Gimbertek (1999-2003) bi liga, hiru Kopa eta bi superkopa irabazi zituen eta Women ‘s Champions League txapelketan jokatu zuen han. Urte haietan Athletic Clubeko emakumezkoen talde sortu berri batek hartu zuen Levante taldearen lekukoa. Atzelariak bere palmaresa handitzen jarraitu zuen hurrengo denboraldietan. Huelvako CFF Estudiantesen urtebete eman ondoren (2003-2004), Sevilla FC taldera (2004-2007) iritsi zen, eta ondoren, Rayo Vallecanorekin (2007-2010) ligako titulu bi eta Kopa bat irabazi zituen. Madrildik Bartzelonarako jauzia eman zuen. Gimbertek hiru denboraldi egin zituen RCD Espanyolen (2010-2013) eta kopa bat gehiago lortu zuen bere palmareserako.

Erreferente bat Lezaman

2013ko irailera arte ez zuen Vanesak Juan Luis Fuentesen Athletic Clubarekin sinatu. Lehoi gisa debutatu duen jokalari zaharrena izan da. 33 urte, 4 hilabete eta 19 egunekin jokatu zuen bere lehenengo partida Lezaman, Realaren aurkako derbi batean garaipena lortuz. Lezamako lehen denboraldietan Vanesak erdilari moduan jokatu zuen beti, “21” zenbakia bizkarrean zuela. 2015-2016 ikasturtean zuri-gorriek ligako bosgarren titulua eskuratu zuten eta Gimberten ibilbide arrakastatsuarentzat bosgarren liga titulua izan zen.

Lezamara iritsi zenetik erregulartasuna eta profesionaltasuna izan dira Bergararraren ezaugarri nagusiak. Gimbertek 86 partida jarraian jokatu ditu lehen taldean. Ligako eta Erreginaren Kopako  17-18 eta 18-19 denboraldietako minutu guztiak jokatzea lortu zituen. Klubean 7 denboraldi daramatza bakarrik eta dagoeneko, 13. jokalaria da jokatutako partiden zerrenda historikoan.

Joan den urtarrilean Vanesa Gimbertek 200 partidako muga gainditu zuen jokalari zurigorri bezala (205). Athletic Clubeko emakumezkoen taldearen historian 40 urte bete dituen jokalari bakarra da. Aldagelan, kapitainetako bat da eta bera baino bi hamarkada beranduago jaio ziren jokalari gazteenentzako erreferentzia argia da: Oihane, Amaiur, Valdezate, Nevado…