undefined

Athleticen ‘senitartekoak’ (I)

Athleticen ‘senitartekoak’ (I)

Munduan zehar zuri-gorriz janzten diren klubei buruzko lehen atalburu honetan, elastiko honen jatorria errepasatuko dugu, Ingalaterrako futbolean hain zuzen ere

1902an, Athletic Clubek, elastiko eta praka zuriz eta galtzerdi beltzez osatutako jantzia, Blackburn Roversenarekin bat zetorren beste batengatik aldatu zuen: bi zerrendako kamiseta bat, bata urdin iluna eta bestea zuria, galtza urdin ilunak eta goialdean zerrenda zuri batekin apaindutako galtzerdi urdin ilunak.

Athleticen janzkera zeharo aldatu zen, Ingalaterrara 1909ko Gabonetan egindako bidaia batean Juan Elorduy batzarkide eta jokalariak Blackburneko 50 alkandora urdin eta zuri erosteko enkargua jaso zuenean, Athleticen eta bere Madrilgo eskumendekoaren (urte batzuk geroago gure erakundetik banandu zen Atletico Madril sortuz) artean erdibana banatzeko. Elorduy Southampton FC taldeko 50 jantzirekin itzuli zen ‘Botxo’-ra, bere janzkera berezia zerrenda gorri eta zuriekin (Bilboko banderaren koloreak) osasutakoa zelarik.

Jantzi hura 1910eko urtarrilaren 9an estreinatu zen, Amuten (Hondarribia), Irungo Sportingen (Real Union Club) aurka jokatutako partida batean, eta urtebete geroago, galtza beltzak ezarri ziren. Denborak aurrera egin ahala, Athleticen elastikoko zerrenden kopuruak zenbait aldaketa izan ditu, baina hondo zuriaren gainean lodiera ertaineko lauzpabost marra gorri bertikal izan ohi dira.

Britainiar uharteetan, XIX. mendearen amaieran, gorria eta zuria marra bertikalekin erabili zituzten hogei talde baino gehiago zerrendatu daitezke. Badakigu zein urtetan agertu zen mota honetako lehen kamiseta: 1883.

Baina zein talderi egotzi ahal zaio aitzindaria izatearen ohorea? Ez dago izen bakar bat aipa daitekeenik, urte horretan bertan bi taldek bat egin zutelako jantzi zuri-gorria aukeratzeko orduan, euren jatorrizkoak baztertuz, eta, bitxia bada ere, bata zein bestea, Mendebaldeko Erdialdeko Lurraldeetan (West Midlands) 58 kilometroko distantziaz bakarrik banandutako hirietan finkatzen dira: Stoke eta Wolverhampton Wanderers, Ingalaterrako Football League-aren hamabi sortzaileetako bi, 1888an.

Uniformearen aldaketa une berezi batean gauzatu zen bientzat, lagunarteko eta torneo txikietan jokatzeaz gain, urte horretan bertan lehiatzen hasi baitziren ‘buztinlariak’ (potters) eta ‘otsoak’ (wolves) munduko txapelketarik zaharrenean, FA Cup-en (Ingalaterrako Kopa) hain zuzen ere, txapelketa honek jada hamabi edizio ospatu zituen arren. Honaino iritsita, ezin da ziur jakin bi taldeetako zeinek erabili zuen lehenengo, baina ez litzateke bidezkoa izango bietako bat aipatzea biak batera zuri-gorriarekin aurkeztu zirelako. Hala ere, irizpidea lehiaketa ofizial batean parte hartzean oinarritzen bada, Wolverhamptonek txapela mereziko luke, Kopako lehen kanporaketan egin zuen estreinaldia 1883ko urriaren 27an izan baitzen, eta bi aste beranduago Stokek egin zuen.


Wolverhampton Wanderers, bere historiako lehen garaikurrarekin, Wrekin Cup (1884).

Hala ere, Notts Countyren ostean munduko bigarren klub profesionalik zaharrena den Stoke-on-Trent hiriko taldeak, zerrenda zuri-gorrien elastikoari leial izaten jarraitzen du gaur egun. ‘Otsoen’ kasua guztiz kontrakoa da: euren historiaren zati handi bat urre-koloreko elastiko eta galtzedi okreak jantzi dute gaur egunerarte.

Baieztatu dezakeguna da Wolverhampton izan zela jantzi zuri-gorria praka eta galtzerdi beltzekin ezarri zuen lehena, edo beste era batera esanda, Athleticen antzekoena. Bitxikeria gisa, garbiketa askoren ondoren, kazetariek alkandoraren kolorea ‘arrosa zikinarena’ edo ‘gorri lizunarena’ bezala deskribatu zuten.

Talde ezberdinen arteko janzkeraren kointzidentzia izan zen Football League-ak 1891tik aurrera klub bakoitzaren kolore bereizgarrien erregistro ofiziala ezartzearen arrazoia, euren artean bat etortzeko aukerarik gabe. Une horretan, Wolverhamptonek ohiko ekipazioa baztertu zuen Sunderland AFC taldearen antzekoa izan ez zedin, hortaz, azken talde hau lehenengoa izan zen zuri-gorriz jantzita arestian idatzitako erregistro ofiziala jarri zenetik. Stokek ezin izan zion bere jertse klasikoari eutsi, red and white striped shirt (kamiseta zuri-gorria marratan), Sunderlandek erabiltzen zuelako, kirol merituengatik lehentasuna izan zuena une horretan, baina 1908an, Stoke FC izenarekin, potters-ek euren koloreak berreskuratu zituzten ofizialki, eta ez dituzte inoiz gehiago utzi (uniformeen eskuliburua ezarri aurretik, bere jantzi klasikoarekin jokatu zuen Football League-aren lehen bi edizioetan). Gainera, 1888tik aurrera, Sunderlandek praka eta galtzerdi beltzekin osatu zuen ekipazioa, eta, beraz, lehenengoa izan zen erregistro berria ezarri zenetik.

Don Gillianen Sunderland FC 1891-92 denboraldia liburuaren azala

Gaur egungo Premier League-n, 1889an sortua den Sheffield United zuri-gorriz janzten da, praka beltzekin eta galtzerdi gorriekin. Bere jatorrian jantzi zuria erabiltzen zuen, baina 1891n marra koloretsu fin batzuk ezarri zituzten atzealde zuriaren gainean, klubak bere 125. urteurrenerako 2015/16an ezarri zuen diseinua, eta 1894ra arte ez zituen lehen aldiz hartu gure lehoien estiloko alkandora marra gorridun ospetsuak. FA Cup-en lau tituluak eta 1898ko liga ohiko zerrenda bertikalekin lortu zituen.

Ingalaterrako maila gorenean dagoen Southampton FC taldeari dagokionez (Elorduyk erositako kamiseten taldea), garai hartan ez zen aipagarrienetako bat; izan ere, Premier League-n ez zuen debutatu 1966ra arte. Hamarkada bat beranduago ospe handiko titulu bakarra lortu zuen, FA Cup (Ingalaterrako Kopa). The Saints ezizenez (Santuak) ezagun direnak elastiko erdi gorri eta erdi zuritik zuri-gorriarenera aldatu ziren 1896an, antza denez lantaldeko Stoke-on-Trenten jaiotako jokalari ugarik bultzatuta. Eta 1910etik aurrera, gure klubak kirol jantzi horren aldeko apustua egiten jarraitu du Southamptoni esker. 1971/72 UEFA Kopako lehen kanporaketan Athletic Cluben aurkaria izan zen, eta orduan gure jokalariak hurrengo errondara pasatu ziren.


* Marra bertikaletako lehen elastiko zuri-gorria
:
Wolverhampton Wanderers FC eta Stoke (1883. urtea)


* Lehenengo jantzi zuri-gorria eta praka eta galtzerdi beltzak:

Wolverhampton Wanderers FC (1883. urtea)


* Lehen partida zuri-gorriz FA Cup-en:

Wolverhampton Wanderers FC (1883ko urriaren 27a)


* Lehen partida zuri-gorriz Football League-n:

Wolverhampton Wanderers FC eta Stoke City (1888ko irailaren 8a)


* Lehenengo jantzi zuri-gorria (eta praka eta galtzerdi beltzekin) uniformeen erregistro ofizialetik:

Sunderland AFC (1891ko irailaren 5a)


* Athletic Clubek bere koloreak hartu zituen klubaren izena:

Southampton FC