undefined

37 urte Las Palmaseko arratsalde hartatik

37 urte Las Palmaseko arratsalde hartatik

1983ko maiatzaren 1ean Athletic Liga txapeldun bihurtu zen Insular zelaian, azken txapelketa irabazi eta 27 urteren ondoren

Gaur duela 37 urte, 1983ko maiatzaren 1ean, futbol jardunaldi ziraragarria ospatu zen Lehen Mailan.  Igande arratsalde hartako 90 minutuetan zehar (partida guztiak 17:30ean hasi ziren), aldaketa ugari izan ziren sailkapenaren goialdean -Real Madril txapeldun birtuala izan zen 40. minutura arte-, eta behetik, Racing, Celta eta Las Palmas (Athleticek Insular estadioan zuen aurkari) Bigarren Mailara jaitsi ziren. Jardunaldi gogoangarria izan zen Ligako historian, eta 27 urteren ostean, Athletic berriro izan zen txapeldun.

Behin betiko jardunaldi hartara Real Madril iritsi zen lider, eta Valentziaren aurka berdinketa lortzearekin nahikoa zuen txapeldun izateko. Valentziako taldeak hanka eta erdi zuen Bigarren Mailan, eta garaipenari gainerako emaitzen karanbola bat gehitu behar zitzaion jaitsiera saihesteko. Ezinezkoa bazirudien ere, hala gertatu zen.  Koldo Aguirre lehoi ohiak zuzentzen zuen taldeak 1-0 irabazi zion talde merengeari eta jaitsiera ekidin zuen. Hortaz, Real Madril hondoratu eta Las Palmasen aurka etxeko lanak ondo eginak zituen Athletic gailendu zen, uharteetan 1 eta 5 irabazi eta gero. Lehoiek euren zazpigarren Liga titulua lortu zuten.

Liga ospakizuna. De Andres, Sola, Liceranzu eta Cedrun ageri dira argazkian (AC Museoa)

Bihotzeko amaiera
1982-83 Ligako azken jardunaldira txapeldun izateko itxaropen txikiarekin iritsi ziren lehoiak, baina horretarako Las Palmasi  bisita zaila egin behar zioten, uharteetako taldeak puntu bat behar baitzuen jaitsiera ekiditeko, eta Real Madrilek azken tokian sailkatua zegoen Valentziaren aurka galdu behar zuen. Hala gertatu zen eta Athletic txapeldun bihurtu zen azkenean, nahiz eta partida hasiera kaxkarra egin. De Andresek bere atean sartu zuen baloia eta Las Palmas aurreratu zen markagailuan. Hala ere, Clementeren mutilek azkar erantzun zuten eta atsedenaldira iritsi baino lehen aurretik ziren Sarabia eta Daniren golei esker. Sarabiak berriro eta Urtubik eta Argotek behin betiko 1-5ekoa jarri zuten markagailuan. Poza nagusi zen berdegunean lehoien artean, eta ospakizun gogoangarria egin zuten bertan eta aldageletan. Las Palmas, bere aldetik, Bigarren Mailarako bidea hartu zuen Lehen Mailan 19 urte igaro ondoren.


Manolo Sarabia (bi gol sartu zituen egun hartan) eta Liceranzu, Las Palmaseko atezainaren aurrean (AC Museoa)


Julio Salinas, De Andrés eta Solari helduta, Liga txapelketa ospatzen Insular zelaian (AC Museoa)


Dani eta Javier Clemente, txapeldun bihurtu eta gero (AC Museoa)