undefined

Lehoien laugarren Superliga bost urtetan

Lehoien laugarren Superliga bost urtetan

Hamahiru urte bete dira gaur emakumezkoen taldeak bost urtetan ligako laugarren titulua lortu zuenetik San Mamesen

2002an emakumezkoen futbolean Athletic Club izenez agertu zenetik, lehoiek hiru liga titulu irabazi zituzten jarraian. Lehenengoa bere lehen Superligan izan zen, 2002-2003koa, eta ondoren iritsi ziren 2003-2004 eta 2004-2005ekoa. Lehenengo biak San Mamesen ospatu ahal izan ziren, milaka zale zuri-gorrirekin batera. Azkena Bartzelonako Miniestadin lortu zen. 2005-2006 denboraldian, ordura arte beti sailkapenaren gorenean egondako taldeak bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen, RCD Espanyolengandik, txapeldunetik, 20 puntura. Urte zaila eta nahasia izan zen.

Iñigo Juaristi Lezamako eserlekura bueltatu eta gero, 2006-2007 denboraldia ilusio berrituekin eta titulu berri bat lortzeko anbizioarekin hasi zuen taldeak. Lehoiek erakutsi nahi zuten etxeko txapelketaren lehen hiru edizioak irabaztea ez zela kasualitatearen emaitza. Liga RCD Espanyol egungo txapeldunaren eta Athleticen arteko buruz burukoa izan zen. Levantek ere eutsi zion goiari. Zuri-gorriek ez zuten martxora arte porrot bakar bat ere jaso. Hain zuzen ere, Levantek eten zuen Juaristirenen taldearen bolada ona Nazareteko udal-zelaian.

Partida erabakigarria San Mamesen

Azken jardunaldia iritsi zen, eta aurreko urteetan bezala, Katedralean partida erabakigarria jokatzea egokitu zitzaion Athletici. Lehoiak eta “perikak” 63 punturekin iritsi ziren azken hitzordura, lehen postuetan berdinduta. Emozioa zen nagusi 2007ko maiatzaren 6ko goiz hartan. Athleticek Torrejon hartu zuen etxean eta RCD Espanyolek Rayo Vallecano Bartzelonan. San Mamesen golik gabe bukatu zen partida, baina kataluniarrek 3-5 galdu zuten etxean eta lehoiek laugarren Superliga lortu zuten, 25.000 zaleren aurrean. 9 urte igaro behar izan zirene Bilbon aliroia berriro abesteko.