undefined

Adurizen behin betiko agurra Athletic Cluben

Adurizen behin betiko agurra Athletic Cluben

XXI. mendeko goleatzaile zuri-gorri nagusienak gaur esan dio agur futbolari, gurean ondare izugarria utziz

Aritz Adurizek, Athletic Clubeko XXI. mendeko goleatzaile nagusiak, futboleko botak betirako uztea erabaki du. Erdiko aurrelaria seigarren postuan geratu da goleatzaile zuri-gorrien zerrendan, 172 gol sartuta. Zarra (335), Bata (208), Dani (199), Gorostiza (196) eta Iraragorri (179) mitoekin elkartu da orain.

Donostiarra Athleticen erdiko aurrelari esanguratsuenetako bat da jada historia zuri-gorrian, bai berdegunean, non oroimenean gordetzeko erremate ikusgarriak utzi dituen, bai berdegunetatik kanpo ere. Bere irudirik ederrenen artean buruz egindako erremateak daude, jauzi egiteko duen ahalmen ikaragarriak lagunduta. 2015eko Superkopan sartu zituen lau golek txapelketa irabazteko balio izan zuten 5-1eko emaitza orokorraz Messik gidatutako Bartzelonaren aurka. Titulu hau eta Europako sailkapen sorta bat eraman ditu besapean, horien artean Champions Leaguerako bat.

Bere errendimendua modu sinestezinean hazi zen 30 urte beteta zituenean, eta horrek adinari dagokien zenbait errekor gainditzera eraman du. Athleticek 1998an fitxatu zuen Antiguokotik eta Aurrera Vitoria eta Bilbao Athleticen aritu zen lehen taldean debuta egin baino lehen. Jupp Heynckesen aginduetara jokatu zituen lehen minutuak, Amurrioren aurka (Kopan), 2002ko irailean. FC Bartzelona izan zen bere lehenengo aurkaria Ligan. Talde katalanak mugarri garrantzitsuak ezarri ditu bere ibilbidean, izan ere, bere azken gola Bartzelonari sartu zion atzerako artazi ahaztezin batekin aurtengo Ligako lehen jardunaldian.

Adurizek Burgosen hazteko utzi zuen Lezama lehen aldiz; idoloa izan zen Valladoliden (bizitzak hala erabaki du lehoi gisa jokatu dituen azken minutuak han izatea); ez zuen zalantzarik izan Athleticera itzultzeko 2005-06ko neguko merkatuan, talde zuri-gorriari jaitsiera postuetatik ateratzen laguntzeko; eta, ondoren, Mallorcara joan zen 2008an, ibilbide arrakastatsua ontzeko. Valentziak fitxatu zuen gero,  bi denboraldi eman zituen han, eta talde zuri-gorriak hirugarren aro baterako etortzea eskatu zion, Bielsaren bigarren urtean.

Ordutik (zortzi denboraldi) ibilbide ikusgarria egin du Adurizek. Ondare izugarria eta irudi ahaztezinak utzi ditu bertan, San Mamesen Genk taldeari egindako bost golak barne. Tamalez, Coronavirusa jarri da lehoi gisa eman behar zituen azken egunen erdian eta Realaren aurkako Kopako finala ezin jokatzea eragin dio horrek; zalantzarik gabe, aparteko motibazioa eta amaiera bikaina ekarriko ziona bere aparteko ibilbideari. Kopa hori altxatzea zen bere ametsa, eta berdegunean fisikoki ez bada ere, hor egongo da adorea ematen. Berea ere bada Kopa hori.