undefined

Ryan Giggs, Old Traffordeko printze galestarra

Ryan Giggs, Old Traffordeko printze galestarra

Athletic Cluben 2020 One Club Man Award saria jaso duen futbolariaren ibilbidea errepasatu dugu

Ryan Giggs klub bakarreko jokalari garrantzitsua izan zen, eta futboleko izar gutxik adierazten dute Manchester Unitedeko One Club Man honek baino hobeto kirolaren balioekiko errespetua. Bobby Charlton mitikoak ere ez zuen Galesko printze honek adina denbora eman Red Devils taldearekin. 1991. eta 2014. urteen artean jokatu zuen bertan, 24 denboralditan 963 partida osatuz (168 gol). Aurreko ezker hegalean hasi zen, eta hegaleko geldiezin hartatik zelai erdiko joko-sortzaile izatera pasa zen Old Trafforden egin zuen azken garaian. Galesko selekzioarekin (64) eta Britainia Handikoarekin (4) jokatu dituen partidak gehituz gero, orotara 1.031 futbol partida zenbatzen ditu bere taldearekin txartel gorria inoiz ikusi ez duen izar honek.

Manchesterren debutarazi zuen gizonak, Sir Alex Ferguson entrenatzaile ohiak, klub ingeles honen beste mitoetako batek, horrela deskribatu zuen: “25 urteko ibilbidean izan dudan talenturik handiena”.

Ryan Joseph Giggs (1991n aitaren Wilson abizena kentzea erabaki zuen) 1973ko azaroaren 29an jaio zen Cantonen, Cardiffetik oso gertu, eta han bizi izan zen sei urte zituela bere familiarekin Salfordera (Manchester Handia konderriko udalerria) joan zen arte, aita, errugbi jokalaria, gertuko Swinton Lionsek fitxatu zuelako. Giggs mutilak proba batzuk egin zituen Cityrekin, Manchester hiriko beste taldearekin, eta ‘zerutiarren’ akademian sartu zen, baina Salford Boys ohiko taldean ikasten jarraituz. Lan saio batzuetara Uniteden elastikoarekin joan ohi zen, talde horren zalea baitzen.

Ferguson Giggs ikustera joan zen, Harold Wood klubeko segurtasun-zaindariak eta egunkari-saltzaileak konbentzituta, aldez aurretik ikusia zutelako nerabe hura jokatzen. Giggsek 14 urte bete zituen egunean, bere futbol-bizitzak aldaketa handia jasan zuen: entrenatzaile eskoziarra bere etxean azaldu zen familia konbentzitzera, eta horrela Maine Roadekoei diamante baliotsua ‘lapurtu’ zien. Adin horrekin, Giggs gaztea Ingalaterrako eskola-selekzioaren kapitaina izan zen Wembley estadioan, baina handik gutxira, selekzioa aukeratu behar izan zuenean, Galesko Herriaren alde egin zuen.

Unitedekin 1991ko martxoaren 2an egin zuen debuta, Evertonen aurka 0-2 galdu zuten partida batean, 17 urterekin, min hartu zuen Denis Irwin ordezkatuz. Jada 41 urte zituela, 2014ko apirilaren 22an, futbolari izaten jarraitzen zuen bitartean, David Moyes kargutik kendu ondoren, Red Devils taldea behin-behinean zuzentzeko aukeratua izan zen, eta hamalau egun beranduago, urte horretako maiatzaren 6an, bere azken minutuak jokatu zituen Hull Cityren aurkako partida batean, entrenatzaile bezala soilik jarraitzeko.

Esperientzia bikoitza Katedralean
Ibilbide luze eta oparo horren erdian, Giggsek bi aldiz izan du San Mames zaharreko belarra zapaltzeko aukera: lehenengoan, Galesen elastikoa jantzita Julen Guerrero buru zuen Euskadiko selekzioari aurre egiteko, 2006ko maiatzaren 21ean. Giggsek berak 76. minutuan sartutako golari esker garaipen britainiarrarekin (0-1) amaitu zen lagunartekoa. Bigarren bisitan Manchester Unitedekin jokatu zuen, eta Athletic Clubek 2-1 irabazi zion Europa Leagueko final-zortzirenetako kanporaketa ospetsuan, 2012ko martxoaren 15ean. 68 minutuan, Welbeckek ordezkatu zuen, eta, zelaia uztean, galestarra harrituta geratu zen Katedraleko ikusleen txaloekin, zalego zuri-gorriak bere ibilbidea aitortu nahi izan zuelako. ’11 ‘dortsala zeraman elastikoa, Old Trafforden joaneko partida ahaztezinean erabili zuena, Athleticen aurkariek Europako denboraldi historiko hartan Museo zuri-gorriari egindako dohaintzen harribitxia da.

Old Trafforden egin zuen ibilbide osoan zehar, Giggsy-k bi Champions League, Premier Leagueko hamahiru txapelketa, lau FA Cup, Kluben Mundial bat eta Intercontinental Kopa bat irabazi zituen, besteak beste, 36 titulu lortu arte, eta hortaz, Ingalaterrako futbolaririk sarituena ez ezik, futbolaren historiako hirugarrena ere bada. Isabel II.a erreginak Britainiar Inperioaren Ordenarekin izendatu zuen 2007an.

Bitxikeriak eta markak
Bere zerbitzu-orria errekorrez eta era guztietako pasadizoz beteta dago. Unitedeko aldizkari eta webgune ofizialek 2011n egindako inkesta batean, klubaren historiako futbolari onena izendatu zuten, eta, bazkideen arteko bozketa baten arabera, Ametsen Antzokian inoiz ikusi den golik ederrena hark sartu zion Arsenali Kopako finalerdietan, 1999an. Galestarrak partida bukatutakoan esan zuenez, “bota hauekin jokatzen jarraituko dut, nahiz eta horrelako gol bat behin bakarrik sartzen den”. 1998-99 denboraldia magikoa izan zen Giggs eta bere taldekideentzat, izan ere, Champions Leagueko final sinestezinaren luzapenean 0-1 iraultzeko gai izan ziren Bayernen aurka (2-1), urte horretan Ingalaterrako liga eta kopa eta Intercontinental Kopa irabazteaz gain.

1995ean Southamptoni 15 segundo igarota sartu zion golak errekorra izan zezakeen Uniteden, beste deabru gorri batek Burnleyren aurka bederatzi urte lehenago markagailua irekitzeko hamabi segundo behar izan ez balitz. Bryan Robson izan zen, bere garaian ere Munduko Txapelketako golik azkarrena egin zuena (gaindituta) San Mamesen bertan, 1982ko Ingalaterra-Frantzia partidan.

Giggsek banakako hogeita hamar sari baino gehiago jaso ditu, eta Premier League-ren historian bere betiko taldearekin asistentzia-marka dauka 271rekin. Zifra horrek, erregateetan trebea eta abiadura handiko ezkertiar honi garai guztietako ezker hegaleko onenen parean kokatzen dio. Eta bere bitxikerien artean, Giggsy izan daiteke emakume zale batek korner bat atera aurretik musukatu duen futbolari bakarra (Galesek Irlandaren aurka 1994an jokatu zuen partida batean). 2018ko urtarriletik Galesko hautatzailea den Ryan Giggsen kirol pasarteetako batzuk dira, kolore berekiko hasieratik bukaerara leialtasunaren munduko adibideetako bat. Etortzen zaigun One Club Man delakoa.