undefined

2016: historia egiteko liga bikaina

2016: historia egiteko liga bikaina

Gaur lau urte bete dira lehoiek bosgarren aldiz liga lortu zutenetik, ordutik klub bakar batek ere ez du halakorik lortu

Kostata baina bostgarrena iritsi zen azkenean. 9 urte igaro behar izan ziren Athletic emakumezkoen Lehen Mailako txapeldun izateko. Gaurkolako egun batez, ekainaren 4an, baina 2016. urtean, zuri-gorriek garaipena lortu zuten Oviedo Modernori 3-0 irabazita. Atletico Madrilek eta Bartzelonak hurrengo egunean jokatu behar zuten norgehiagokaren zain egon behar izan zuten lehoiek txapeldun izateko eta horretarako, klubeko instalazioetara joan ziren liga amaiera ikusi eta elkarrekin sufritzeko.

Bartzelonak galdu egin zuen eta Joseba Aguirreren jokalariek “txapeldunak, txapeldunak” abestu ahal izan zuten azkenean.
Lezaman ospatzen hasi ziren titulua eta bi egun geroago, Bilbon, Begoñako Basilika, Udala eta Aldundia bisitatu zituzten. Horrela, denboraldi magiko bat burutu zen, Athletic Estatuko emakumezkoen futboleko talderik onentsuena bihurtuz bost liga txapelketa lortuz (2002-2003, 2003-2004, 2004-2005, 2006-2007 eta 2015-2016).

Joseba Aguirrek debut bikaina izan zuen; baita Ainhoa Morazak ere. Gaur egun internazionala den jokalaria Realetik heldu zen 2015eko udan. Morazak berak, Maddi Torrek, Maite Orozek, Damaris Egurrolak eta Leia Zaratek debuta egin zuten lehen taldearekin. Yulema Corresek eta Maite Orozek denboraldiko partida guztiak jokatu zituzten (ligako 30 eta Erreginaren Kopako bat) Ainhoa Tirapu atezainak bezala.

 Eli Ibarrak aipamen berezia merezi du, Athletic Clubekin historia eginez (ligako bost tituluak eskuratu dituen jokalari zurigorri bakarra da). Denboraldi amaieran agurrak izan ziren, Amaia Olabarrieta eta Saioa Gonzalezek lesioengatik itzi zuten taldea eta Irene Paredes klubetik irten zen. Kirol arloan, taldeak sailkapeneko buruan amaitu zuen 78 punturekin, 25 garaipen, hiru berdinketa eta bi porroteko balantze ikusgarriarekin (azkeneko porrota Tenerifen, azken jardunaldian, txapeldunak zirela jakinda). Lehen ligak hasi eta ia hamarkada batera, behin betiko erakustaldia eman zuten gure lehoiek emakumezkoen futbolaren historian.