undefined

Muniain: “Prest eta gogotsu gaude”

Muniain: “Prest eta gogotsu gaude”

Athletic Clubeko kapitainak maila ezin hobean ikusten ditu lehoiak igande honetan San Mamesen jokatuko den Ligako itzulerako neurketarako

Iker Muniain Athleticeko kapitainak prentsaurrekoa eman du gaur Lezamako prentsa aretoan, komunikabideen galderei modu telematikoan erantzunez. Txapelketa itzuliko den astean -igandean Athletic Clubek Atletico Madril hartuko du San Mamesen-, 10 zuri-gorriak, gogotsu jokalari guztiak bezala, taldea prest ikusten du Ligari berriro ekiteko: “3 hilabete luze izan dira neurketarik gabe. Kirolean ez genuen inoiz horrelako egoerarik bizi izan. Denboraldi-aurre txiki bat egin dugu eta gure burua hobetuz joan gara, berme guztiekin lehiatzeko maila ezin hobea lortzeko sentsazioak hartuz“.

Muniainek onartu duenez, txapelketaren itzulera honetan ikusiko diren aldaketa ugarietara ondoen egokitzen diren taldeek asko izango dute irabazita eta, Europako helburua buruan dutela, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du zazpigarren postua lortzeko: “Puntu kopuru handia eskuratu beharko dugu eta ahalik eta partida gehienetan hiru puntuak poltsikoratu. Poliki-poliki joango gara. Europara iristeko helburua eta itxaropena dugu, klubarentzat eta jokalarientzat arlo guztietan suposatzen duenagatik“.

Lehoiak igandean itzuliko dira San Mamesera, 14:00etatik aurrera, talde madrildarraren aurka, beti zaila den aurkaria: “Oso gogorrak eta indartsuak dira kalitate handiko jokalariekin. Atletico beti da arriskutsua. Hala ere, Athletic oso prest eta lehiatzeko gogoz ikusten dut“. Katedral huts batean izango da norgehiagoka, oso ezohikoa talde zur-gorria osatzen duten guztientzat: “Arraroa izango da, igandero dardara egiten duen eta hegan eramaten gaituen futbol zelaian. Garaipena lortu nahi dugu bertaratu ezingo diren zale guztiengatik, hildakoengatik, familiako bat galdu dutenengatik…“.