undefined

Ainhoa Alvarezek agur esan dio futbolari

Ainhoa Alvarezek agur esan dio futbolari

Galdakaoko atzelariak bere ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki du aro profesional berri bati ekiteko

Ainhoa Alvarezek aurtengoa bere azken denboraldia izango dela erabaki du. Atzelari zuri-gorriak amaiera emango dio Athletic Cluben 2009an hasitako ibilbideari, Lezamara La Mercedetik iritsi ostean. Galdakaon jaioa, Ainhoak aurrerapen handia izan zuen filial zuri-gorriarekin hasi zenetik, 2014ko maiatzaren 5ean lehen taldearekin debuta egin zuen arte. Juan Luis Fuentesek, bigarren taldeko fitxa zuenean eman zion aukera Athleticek Collerenseren aurka 2 eta 0 irabazi zuen Lezamako partida batean. Debuta egin eta urtebetera liga titulua lortu zuen Joseba Aguirre aulkian zegoela.

Klubaren kamiseta defendatu duen zazpi denboraldietan zehar 71 partida jokatu eta bi gol sartu ditu Lehen Mailan. Erdiko atzealdean indar fisiko handia eta sendotasuna erakutsi duen jokalaria izan da. 2016ko irailean, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen Huelvako Sportingen zelaian, Ligako bigarren jardunaldian, eta hurrengo denboraldiaren hasieran jokatzeko prest egon zen.

Galdakaotarrak futbol zelaiak utziko ditu, baina ez kirola; izan ere, UPV/EHUn Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan graduatu ondoren, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzan aritzeko oposizioak egingo ditu.

Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkio Ainhoari urte hauetan guztietan gure erakundearen koloreen alde egindako dedikazioagatik eta lanagatik, eta zorterik onena opa nahi dio, bai bere ibilbide pertsonalean zein profesionalean.