undefined

Muniain: “Harro egon behar dugu”

Muniain: “Harro egon behar dugu”

Kapitain zuri-gorriak talderen partida ona baloratu du, “aurrekoen ildo onean”, eta Sevillaren aurkako partidan pentsatzen dago jada: “Puntu bakoitza urrea da”

Iker Muniain Athletic Clubeko kapitaina haserre agertu da bere taldeak Real Madrilen aurka egindako ahalegina ezerezean geratu delako: “Gehiago merezi izan dugula uste dut, berdinketa bai, behintzat. Ondo kudeatu dugu partida eta defentsan seguru aritu gara, daramagun ildo onari jarraituz, bereziki Valentzian jokatutako azken partidakoa. Lehen zatian aukera gehiago izan ditugu eta egia da bigarrenean sakontasun pixka bat falta izan zaigula gola lortzeko. Hala ere, harro egon behar dugu, honek ezin gaitu etsitu eta osteguneko partidan pentsatu behar dugu jada. Puntu bakoitza urrea da eta bete-betean sartuta gauden Europarako borrokan jarraitu behar dugu”.

Bi jokaldi polemikoen inguruan (VAR-ak Marceloren alde adierazitako penaltia eta Raul Garciari adierazi ez diona), honela mintzatu da Muniain: “Ez dut errepikatuta ikusi, baina zuzenean ikusi dudanagatik ez da behar bezain argia izan. Danirena zen tokia, baina VAR-ak kontaktu hori adieraztea erabaki du. Minutu batzuk geroago ez dute jokaldi bat berrikusi Rauli egindako balizko falta bategatik”.

Iñigo Martinez: “Amaierara arte borrokatuko dugu gure helburua lortzeko”

Bestalde, Iñigo Martinez ere penatuta agertu da azken minutuetan galdutako aukeragatik: “Pena izan da euren gola, punturen bat lortzea posible ikusten genuelako. Madril bezalako talde batekin atea hutsean mantentzea oso zaila da, lan handia eskatzen du. Ez gara lehen zatiko aukerak gauzatzeko gai izan eta bigarren zatian nekea sufritu duguu. Hala ere, taldearen lana oso ona izan da”.

Ondarroako atzelaria baikor agertu da, dena den, Europako postuak lortzeko borrokan: “Oraindik ere puntu eta partida asko geratzen dira aurretik. Helburua gure esku dago eta azkeneraino borrokatuko dugu”.